GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Eta zu zer zara, ikusezina ala begi bistakoa?

 

Me aburrís» esan zien Denis Itxasok EHNArekin botoa eman nahi zuten herritar batzuei hauteskunde egunean. Mingarria da esaldia. Motza eta punta zorrotzekoa. Zast! Hain erraz esaten da gainera. Eta aspertu egiten direnez, bada, pixkanaka, aspertzen dituen hori ez ikusten hasten dira. Ez ikustearen ohitura txarra hartu, eta, azkenerako, borratu egiten dute aspertzen dituena. Akabo!
 
Baina borratu nahi duten horrek existitzen jarraitzen du kalean. Autoan zoazela, aspertuta, pentsatzen duzu: ondoko autoko tipo hori ikusezina edo begi bistakoa ote da? Eta supermerkatuko ilaran aurretik doana? Eta tabernan ondoan garagardoa hartzen ari dena? Eta administrazioko ilaran atzean duzuna? Eta administrazioko leihatilan dagoena? Eta ikastolako andereño hori? Izan ere, ikusezinak ez dira bat edo bi, 100.000tik gora dira. Horregatik, estatistikoki, inguruan derrigor egokitu behar zaizu baten bat.
 
Kanpainan eta ondorengoan, kanpaina egiteko aukera izan duten politikariei apenas entzun diet ezer borratu nahi diren herritarren gainean. Eta kezkatu egin naiz. Denon ordezkari izan nahi duten horiek ez ote dira Euskal Herriko kaleetan bizi? Bestela, nola uler daiteke hainbeste eta hainbeste herritar ikusteko duten ezintasuna? Zoritxarrekoak, herritar guztiak ikusi ezin dituztenak. Izan ere, hainbeste galtzen dute!
 
«Me aburrís», seguru asko, beti berdina esaten dutelako. Beti berdina defendatzen eta exijitzen. Hain da nekagarria koherentea denaren diskurtsoa! Askoz biziagoa da beti desberdin aritzen dena, batez ere zeresana ematen duelako. Gaur inkomunikazioaren kontra, bihar inkomunikazioaren alde. Zer esango ote dute etzi? Horiek bai, intrigaren maisu-maistrak.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo