GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Nuria Corraliza, Aitziber Zubeldia, José Prats, Nekane Intxaurtxa, Iratxe Uzkiano, Angel Martin

Osakidetzak berriro euskara baztertzen du

Berriro ere, Osakidetzak baztertu egin gaitu euskara erabili nahi dugulako. Kasu honetan kaltetuak 2008ko Enplegu Publikorako Eskaintzan galdera sorta duten kategorietan euskaraz parte hartzea erabaki genuenok izan gara, gara eta izango gara.

Hasieran, gure hizkuntz eskubideak onartzeko asmoa zutela ematen zuen. Abenduan, izena ematean, azterketak zein hizkuntzatan egin nahi genuen aukeratu behar izan genuen. Orduan, hemen sinatu dugunok euskara aukeratu genuen, erdara aukeratu zutenek zituzten aukera berdinak izango genituelakoan. Baina ez genuen luze itxaron behar izan gure akatsaz konturatzeko.

Urtarrilaren 14an, posta elektronikoz Osakidetzak gure hizkuntz eskubideak urratuak izango zirela iragarri zigun eta, honekin batera, damutuz gero, azterketak erdaraz egiteko oinarrietan aurreikusita ez zegoen aukera eskaintzen zigun. Osakidetzak, euskaraz eta erdaraz, galdera sorta liburu batean berehala jasoko genuela adierazi zigun, baina galdera sorta erdaraz bakarrik iritsiko zitzaigula zehaztuz. Euskaraz «gero» jasoko genuela zioen. Ondoren mehatxua zetorren, azterketa euskaraz bakarrik emango zigutela azpimarratuz, hori aukeratu genuelako. Hori bagenekien aukeratu genuenean ere, hemen errepikatzea mehatxu bezala ulertzen dugu, itzulpenaren kalitatea txarra izango delakoan eta azterketa euskaraz prestatzeko denbora gutxiago izango dugulako. Amaitzeko, mezu horri erantzunez azterketa erdaraz egin nahi genuela esaten bagenuen, onartuko zutela esaten zuten.

Hau sinatzen dugunok uko egin genion aukera horri. Hurrengo astean erdarazko galderak jaso genituen. Eta ordutik euskarazko galdera sortaren zain gaude. Otsailaren 11 eta 16 artean berriro mezuak bidali zizkiguten posta elektronikoz, liburuen euskarazko bertsioak «momentu honetan» prestatzen ari zirela eta «egun hauetan zehar» bidaliko zizkigutela esanez. Mezu hauetan atxikita kategoriaren euskarazko galdera sorta zetorren, horrek itzulpena nahiko traketsa dela ikusteko aukera eman digularik. Martxoaren lehengo astean liburuak jaso ditugu. Beraz, erdara aukeratu zutenek baino hilabete luze gutxiago izango dugu ikasteko.

Egoera honen aurrean gure hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen zera eskatzen diogu Osakidetzari:

Osakidetzak, eskaera egin genuenetik euskaraz egin behar genuela jakinda, erdaraz bakarrik egitean, euskaraz egitea aukeratu dugunok mespretxatu gaituela onartu behar du. Eskubidea dugu euskaraz azterketa egiteko inolako kalterik jasan gabe (atzerapenik ez liburuak jasotzeko, testu kalitate egokia, trataera duina...)

Erdarazko liburuak urtarrilaren 20an banatu zituzten eta azterketak apirilaren 3tik 5era egingo dituzte, hau da, 75 egun geroago. Euskarazko azterketa liburua jaso eta 75 egun geroago egin behar digute guri ere, erdara aukeratu dutenek dituzten aukera berdinak edukitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo