GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Lan istripuak saihestezinak al dira?

Hamaseigarrena. Aurtengo zenbaketa iluneko hamaseigarrena da atzo hil zen langile busturiarra, joan den astetik ospitalean zegoena. Azpikontratatua bata, behin-behineko kontratuduna bestea, biak batera harakoa... Leku eta enpresa desberdinetakoak izaten dira istripuak jasaten dituztenak, eta oso inguruabar desberdinetan jasaten dituzte; hala ere, konstante batek ezaugarritzen ditu istripu horiek: prekarietatea. Alegia, kontratu eskasak, lan baldintza txarrak, prebentzio falta, eta abar. Nola krisialdian hala oparoaldian; bakan batzuen oparoaldian, alegia. Hala ere, hedabide nagusiek -publikoek ere bai- diotenez, gizarte honen etsairik handiena, arriskurik handiena eta alarma sortzen duena, terrorismoa eta oro har, segurtasunik eza da, polizia-neurriekin konpon daitekeena. Lan istripuei baztertxo bat eskaintzen diete, baina natur fenomeno baten ondorio balira bezala eta, eskuarki biktimak banan-bana hiltzen direnez, ez dute fenomeno horiek besteko arreta merezi izaten. Hartara, jendartean, lan istripuak ezin saihestu omen diren gertaerak balira bezala agertzen dira. Eta, egia esateko, ezin dira saihestu... gertatu ondoren, baina istripu horiei aurrea hartzea ez da inondik inora ezinezkoa. Areago, badira hartarako legeak, nahiz eta lege horiek bete eta betearazteko borondaterik ez dagoen artean, alferrikakoak diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo