GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Etorkizuna eraikitzen

Markel Bergarak zuri-urdinekin kontratua 2014ko ekainera arte luzatzea adostu du

p034_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Astiro ari bada ere, Reala ari da bere etorkizunerako taldea pixkanaka-pixkanaka osatzen, eta proiektu horretan garrantzitsua izatea nahi duten Markel Bergara erdilariak 2014. urtera arte Donostian jarraitzea lortu dute, kontratua luzatzeko atzo sinatutako akordioarekin.

Berarengan espero zen bilakaera lesioek eten duten arren, taldeko teknikariek Elgoibarkoarengan esperantza handiak dituzte jarriak eta horrexegatik, oso gustura agertu zen Loren kirol zuzendaria kontratuaren berritzearen argibideak ematera.

Realaren eta futbol munduaren egoera nolabait hauskorra dela kontuan izanda, Lorenek argitu zuenez, Markelen kontratuak, eta aurrerantzean Realak sinatuko dituen guztiek, baldintza desberdinak ezarriko dituzte, taldea Lehen edo Bigarren Mailan egotearen arabera.

Markel Bergara ere prentsaren aurrera pozik agertu zen bere kontratu berria dela-eta. Horren harira, Lorenek lehentxeago egin bezala, bi aldeek akordio bat lortzeko egindako ahaleginak nabarmendu zituen. «Hasieran posturak urrun zeudela ematen zuen, baina argi neukan bi aldeek akordio bat nahi genuela, eta halaxe gertatu da».

Pazientzia

Markel Bergararen eta Eñaut Zubikarairen jarraipena bermatuta, Diaz de Zerio eta Xabi Castillok taldean jarraitzea da Realaren hurrengo helburua. Hauen inguruan galdetuta, Lillok esan zuen lanean jarraitzen dutela eta negoziaketa bakoitzak bere erritmoak dituenez, itxaron egin beharko dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo