GARA > Idatzia > > Kultura

«Ez dut uste Irlandan bortizkeria aro berri baten aurrean gaudenik»

p040_f01_97x140.jpg

Jake Burns

Stiff Little Fingers taldeko abeslaria

Irlanda sutan zen garaietan sortu zen Stiff Little Fingers talde aitzindaria, punka esnatzen hasi berria zela, 1977ko Belfast hirian, eta handik gutxira desegin zen, 1982an. Bost urte geroago bueltatu ziren errepidera, egun Chicagon (Estatu Batuak) bizi den Jake Burns gitarra jotzailea, taldearen sorreratik geratzen den bakarra, buru zutela. Antza denez, garrak luzerako du sua, gainera.

Anartz BILBAO | BILBO

«Inflammable Material» debut lan entzutetsuaren hirugarren hamarkada ospatzen ari da 1977an sortutako Stiff Little Fingers taldea. Punk musikaren aitzindari, SLF The Clashekin alderatu izan zuten garai batean, eta ez da harritzekoa, bata zein bestearen soinu eta gaiak kontuan hartuta. Atzo Donostiako Gazteszenan sarrerak agortu zituen laukoak Bilboko Kafe Antzokian joko du gaur, Fision Boyz durangarrekin batera (sarrerak agortzear ziren atzo). Tarte batean, abeslariarekin hitz egin zuen GARAk, taldekideak tabernan ziren bitartean, pintak edan eta edan.

Badakigu non zegoen Stiff Little Fingers orain 30 urte. Non dago orain, musikalki?

Galdera hau taldetik kanpoko norbaitek erantzun beharko luke. Barruan egonda zaila da, niretzat garapena naturala izanik, ez dudalako ezberdintasun handirik ikusten iraganaren aldean. Bistan da denbora pasa dela eta ez garela horren gazteak, baina gure bidea lehengo bera da eta ez da ezer ere aldatu, eta hori da inportanteena. Gainera, orain hobeto jotzen dugu, denbora asko daramagulako jardunean.

Eta taldekideentzat, musika egiteak hasierako zirrara bera du egun?

Bai, oraindik ere oso dibertigarria egiten zaigu zuzenean jotzea. Zorte handia dugu, hasi ginenean ondo pasatzeko egiten genuena bizimodu bihurtu zitzaigulako, eta horretan jarraitzen dugu. Eta zirraragarria da.

Imajina zenezaketen hasieran, 30 urteren buruan jotzen jarraituko zenutenik?

Ezta inondik inora ere. Eskolako lagunekin hasi eta ondo pasatzeko egiten duzu lehenengo eta behin musika, eta ez luzera begira. Inork ere ez du aurreikusten hogeita hamar urte geroago zertan ibiliko den, ezta The Rolling Stonesek ere. Talde gehienak pozik egon daitezke bost urte elkarrekin iraunez gero, eta txundigarria da denbora luzea pasa ostean, oraindik ere ondo pasatzen badute elkarrekin joz.

Orain gutxi The Buzzcocks ikusi ditugu Euskal Herrian, grinatsu, eta udan Sex Pistols, ondo jotzen gainera. Musikari gisa zuek ere hobera egin duzue?

Horren itxaropena dugu. Bai, ez dut uste ezertan eskastu garenik, hobeto jotzen dugu orain.

Izango da, baina, atzera begiratu, eta aldatuko zenutenik.

Atzera begiratu, eta denok aldatuko genuke zerbait, talde guztioi gertatzen zaigu hori. Beste modu batean grabatu, denbora gehiago hartu, hau edo beste egin... Bestalde, beste era horretan egin izan bagenu, agian, jendeak ez zuen gustuko izango emaitza, bistan da.

Zuk esana omen da «hoberena oraindik heltzeko» dagoela.

Hori espero dut. Lehen galdetu didazu orain 30 urte imajina genezakeen oraindik jotzen egotea, eta ezetz erantzun dizut. Beraz, nork daki noraino hel daitekeen taldea etorkizunean? Zaleak gu ikustera etorri, guretzat denbora-pasa polita izan eta zerbait esateko dugula pentsatzen dugun bitartean, uste dut jotzen jarraituko dugula.

Kantu berriak sortu eta grabatzeko asmorik bai?

Bai, hemen abesti berri pare bat joko ditugu zuzenekoan, aurrerago lan batean izango direnak. Horretaz gain, kantu zaharrak ere joko ditugu, gure ibilbide osoa hartzen duten kantuak.

Jarraitzen duzu musika entzuten? Harritzen zaituen talderik ba al da gaur egun?

Bai, batzuek harritzen naute baina oso alferra naiz talde berriak entzuteko. Nire emazteak arreta gehiago jartzen du horretan. Gidatzen dudanean irratian entzuten ditut taldeak, eta tarteka oso gauza interesgarriak aurkitzen ditut, ez derrigorrez gurearen tankerako taldeak, baina bai Hold Steady edo Fleet Foxes, adibidez, zerbait ezberdina egiten ari direnak.

Entzuleen artean, zein bilakaera nabari duzue zuzenekoetan?

Kontzertuetan gazteak dira asko, lehen aldiz gu ikustera etorritakoak. Horregatik jarraitzen dugu kantu zaharrak jotzen, ahalik eta ondoen gainera, askorentzat oraindik lehen aldia delako. Bestalde, ez dut uste audientzia gehiegi aldatu denik. Aldaketa bakarra, gazteekin bat hasierako zaleak ere hurbiltzen direla, zahartuxeagoak eta garagardoak edatearen poderioz nik bezalako zilbota dutenak (tripari heldu eta barre egiten du).

Disko bat erosteko baino ez dut sosik. Egidazu gomendioa.

Zaila da. Jende ugarik lehena aukeratuko luke, «Inflammable Material», edozein talderentzako lehena berezia baita, definitzen zaituena. Baina nik lehen aroko gustukoena hirugarrena dut, «Go for it» (1981 Restless), eta azken arokoetatik, berriz, «Guitar and Drum» (2004, EMI). Baina momentu honetan egun prestatzen ari garena aukeratuko nuke, egun zirrara eragiten didana baita. Beraz, pertsona okerrari galdetu diozu.

Egungo irlandar egoerari buruz ere galdetu nahi dizut.

Ondo da. Orain bost egun galdetuz gero, egoera hobea dela esango nizuke, baina dakizuenez, pasa den asteburuan hildakoak izan dira berriro. Orokorrean, halere, egoera hobetu egin da, armatuta dagoen jendea elkarren artean hitz egiten ari baita. Baina ezinezkoa da 300 urte inguruko gatazka luzea bost-hamar urtetan konpontzea. Alde batean zein bestean badira sinesmen sendoak dituztenak, eta zaila izango da hauek guztiz asetzea. Baina uste dut badagoela konpromiso bat, gehiengo batek gutxieneko adostasun batzuk izan ditzan. Tristea da asteburukoa, baina ez dut uste bortizkeria aro berri baten aurrean gaudenik.

 
noiz arte jo

«Zaleak gu ikustera etorri, guretzat denbora-pasa polita izan eta badugula zerbait esateko uste dugun bitartean jarraituko dugu jotzen»

zergatik jo

«Gu entzutera lehen aldiz hurbiltzen den gazte asko etortzen da zuzenekoetara, eta horregatik jarraitzen dugu jotzen, ahalik eta ondoen, gainera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo