GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Wifi edo zuntz optikoa

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Inoiz kablerik gabeko komunikazioaren lagun izan naiz, eta bultzatu ere egin izan dut. Kablerik gabe egin daitezkeen loturei wireless izena ematen zaie edo wifi. Kablerik gabeko munduak liluratu egin gintuen hari gabeko telefono eramangarriarekin. Oso denbora laburrean, eskuko telefonoak izugarrizko ugaritze eta hazkunde teknologikoa erdietsi du. Hasieran, hitz egiteko baino ez zuen balio (baina une horretan mirakulutzat jotzen genuen); orain, ordea, argazki kamera, ordenagailu, gps, Interneteko lotura, musika entzuteko, jokoak eta beste hainbat aukera dakar bere txikitasunean.

Mugikorrekin batera antenen arazoa plazaratu zen. Antenen komenigarritasun eta desabantailaz hitz egin zen. Haririk gabeko telefonoak osasun arazoak ekar zitzakeela, eta oraindik ere, antenen auzia gori-gori dago. Ziztu bizian sartu zaigu wifi teknologia eta bere onurak baino ez ditugu ikusi, eta wifi-uneak aldarrikatu ditugu Interneteko lotura doan, erraz eta edonon lortzeko. Ez diogu begiratu epe luzera zer-nolako osasun ondorio latzak ekar dakizkigukeen horrek. Teknologo askok esango digu ez dagoela ebidentzia zientifikorik baieztatzeko uhin elektromagnetikoak kaltegarriak direna. Kanada eta Britainiar Handiko hainbat unibertsitatetan, «prebentzio-printzipioa» medio, wifi sareak desegiten ari dira eta harizko loturak jartzen. Wifiak iragazkortasun hematoenzefalikoa, portaera aldaketa, estresa eta komunikazio zelularrean eragina du. Ondorio biologikoak eragin ditzake frekuentzia zeharo baxuak dauden guneetan. Gero, sistemak jarritako araudiarekin egingo dugu topo, eta ez dela hor ezer esan. Wifiarekin zero arriskuaren bermea dugunean, orduan erabiliko ditugu, bitartean, erne.

Teknologiak ezin du inoiz neutro izan, eta teknologia kritikatzea giza jarduera bakoitzaren mendekotasuna errefusatzean datza, guztia irabazien menpe baitago. Baina ez dugu gogoan hartzen teknologia askoren ondorioen atzeraezina. Eguneroko bizitzak engainatu egin nahi gaitu. Oinarrizkotzat jo ditugun hainbat behar geure buruan eskatu ditugu inolako hausnarketarik gabe edo hausnarketari zirkin eginik. Ezin dugu hondamenaren kronikariak izan baina bizitzaren degradazioa maila handira iristen ari da. Giza-bakearen denboran ezabatuak izateko erresistentziaren gainetik doa askatasunaren zioa. Administrazio eta estatu-enpresek kudeatutako ekologismoak irradiazioa, pozoitzea eta kutsatzea baino ez dakar. «Kaosaren kudeaketa» aitzakiatzat hartuta, sistemak menderakuntza erabili egiten du eta norberaren behar fisiko eta mentalak desagerrarazi.

Hausnarketak egunerokoa izan behar du, etenik gabekoa, aldi oroz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo