GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Igor Arkarazo, Araitz Basauri (*) Abadiñoko Udaleko Zinegotziak

Abadiñoko udal gobernuak, hezkuntzan porrot

Udalak izan behar du, alkateak eta Hezkuntza zinegotziak izan behar dute, lidergoa hartu eta Hezkuntza Sailari konponbiderako bideak eskaini eta soluzioak exijitu behar dizkietenak

Abadiñoko Zelaieta herri ikastetxean, 2009-2010 ikasturteari begira, 2 urtekoentzako eskoletarako izena eman duten 27 umeetatik 23 baino ez ditu onartuko Hezkuntza Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak. Abadiñoko lau ume, gehi aurrerantzean adin horretarako izena eman dezaketen guztiak, kanpoan geratuko lirateke, beraz. Horren erantzukizun nagusia Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak duela badakigun arren, Abadiñoko Udaleko gobernu taldea (Jose Luis Navarro alkatea bera eta Abadiñoko Independienteak taldeko beste lau zinegotziak) erakusten ari diren irizpide zein proiektu gabezia eta epelkeria salatu gura ditugu.

Ez da nahikoa, horrelako arazo larri baten aurrean, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari gutun bat bidaltzea. Ez da nahikoa eskolako guraso eta zuzendaritzari euron eskarietan laguntzeko prest daudela adieraztea. Abadiñoko Udalari dagokio arazo honetan lidergoa hartu eta Hezkuntza Saileko arduradunengana jo eta udalerriarentzat arazo larria denaren konponbiderako demanda egitea. Udal gobernuak inork baino hobeto jakin beharko luke aurrerantzeko urteetan, egun dauden biztanleak kontuan hartuta, jaiotza kopuruei begiratuta eta martxan dauden etxebizitza proiektuak gauzatzen direnean etorriko diren biztanle berriei erreparatuta, Zelaieta herri ikastetxean bi lerro behar-beharrezkoak direla eta etorkizunean ere izango direla.

Udalak izan behar du, alkateak eta Hezkuntza zinegotziak izan behar dute honen lidergoa hartu eta Hezkuntza Sailari konponbiderako bideak eskaini eta soluzioak exijitu behar dizkietenak. Horretan, eskola eta gurasoak lagun izango dituzte eta gu ere, sinatzen dugunok ere, bidelagun izango gaituzte.

Oso kezkatuta gaude. Lidergo falta hau ez da kasualitatea. Abadiñoko Independienteak, udal gobernuan, proiektu falta eta ezintasun ikaragarria erakusten ari dira eta hezkuntza arloa horren adierazle nabarmena da. Azaldu dugun arazoaren aurrean erreakzionatu ezinik ikusten ditugu, eta hartu izan dituzten beste zenbait erabaki garrantzitsutan ere iparra galduta dabiltzala utzi dute agerian.

-Matienako eskola eremua, adibidez, guztiz baldintzatuta geratu da urtebete eta erdi honetan Abadiñoko Independienteek udal gobernutik hartutako erabakien eraginez. Lehen futbol zelaia zena, egun autoentzako aparkalekua da. Eurok behin behinekoa dela diote, baina errealitateak dio aparkalekua dela eta denbora batean izaten jarraituko duela.

-Eskola eremuan dagoen eta berriztatu ondoren hezkuntza jardueretarako erabil zitekeen eskola zaharren eraikina ere hezkuntzarekin zerikusik ez duen jarduera batera bideratu dute, jubilatuen egoitza izatera. Hau ere behin-behineko erabakia omen.

-Haur eskolak, haurtzaindegi ekimenerako erabiltzen diren barrakoiak, txiki geratzen ari direla-eta barrakoi berriren bat hartu gura dute, baina oraindik inork ez digu esan zein egitasmo dagoen behin-behineko egoera horretatik behin betiko eraikin batera eramateko. Non kokatu, zelako baldintzatan eta zenbat urtetan burutuko litzatekeen. Ez Matienako kasuan, ezta Zelaietako kasuan ere.

Aurreikuspen falta ikaragarri horren erakusle da martxan dauden etxebizitza egitasmo handien aurrean (UR 8 eremua) ez direla jorratzen ari nola erantzun hezkuntzak izango duen demanda berriari, edo osasun arloan etorriko denari. Ur-hornidura nondik lortuko dugun... eta horrela beste hainbat arlotan ere.

Gu, Abadiñoko Udaleko zinegotzi garen aldetik, oso kezkatuta gaude gertatzen ari denaren aurrean. Gobernu ardura guztiak eurok hartzea erabaki zuten, Abadiñoko Independienteek, eta orain proiektu barik eta gainera heldu ezinik ari dira. Euron jokabide arduragabearekin abadiñarron etorkizuna baldintzatzen ari dira.

(*) Igor Arkarazo eta Araitz Basaurirekin batean, Maite Frades eta Ramon Zarrabeitiak, halaber Abadiñoko zinegotzi direnek, sinatzen dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo