GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Elena Martinez filosofian doktorea

Motordunen hasiera txarra

Ibilgailu motordunak Grisonia kantoira (Suitza) sartzea debekatu zuen bertako Gobernuak 1900. urtean, herritarren nahiari erantzunez. Hogeita bost urte iraun zuen debekuak, bederatzi erreferendumetan berretsita, harik eta 1925ekoan, oso alde txikiagatik, kontrakoa erabaki zuten arte. Elena Martinez Rubiok debeku haren berri ez ezik, haren zergatiari buruzko gogoeta ere eskaintzen du.

Hasiera txarra izan zuten ibilgailu motordunek Suitzako Grischun (Grisonia) kantoian. Pauso hutsa, izan ere, eta bihurritu gaiztoa ondoren. Irtenbide zaileko arazoa. Hasiberritan zenbait kalte eta istripu eragin, eta kantoiko bide-sarean ibiltzeko erabateko debekua ezarri zien bertako Gobernuak 1900ean, herritarren nahiarekin bat eginez. Hogeita bost urte luze eta gorabeheratsu iraun zuen erabaki bat, hamaika eztabaida, ika-mika eta tirabiren sorburua. Inguruko herrialdeetan autoen aldeko joera nagusitzen ari zen hartan, haize kontra jo zuten hortaz, grisoniar tematiek autoei sarrera eragotziz.

Garaiko egunkarietan argitaratu irrimarrek ematen digute jarrera haren berri ziztatzailea bezain argia. Halako «makina kirastua» agertuz gero, sortzen ohi ziren irudiak, alegia: ardiak aldapan gora arineketan, zakurrak zaunkaka, behiak harri eta zur, zaldiak arrapaladan, etxeko hegaztiak ihesari emanak. Eta nahaste-borrastearen erdian, baserritar asaldatua akuilua eskuan. Auto barruan, berriz, motorraren burrunbak sorgortutako gidari axolagabea. Gizonezkoa beti, andereño apain batek lagunduta. Hau guztia gutxi balitz, mendien ikuspegi ederra galarazten diguten ke-laino itzelak, hauts harrotua eta zikinkeria.

Alpeetako bide mehar eta sigi-sagatsuak, legarrezkoak ziren artean, arriskuz beteak. Hala ere, arrandiaz joaten zen herriz herri gehienbat udatiarrez osaturiko elite bat, auto-zaletasuna kirol etsirik, bertako bizilagunak nazkatzeraino.

Jendeak berehala hartu zituen autoak begitan. Eta iritziz aldatu ezinik ibili zen luzaro. Asmakizunak berak izendapen nahiko barregarriak jaso zituen: gasolina-zurruteroa, usain txarreko tarranta, infernuko trepeta, luxu-gai madarikatua... Auto-jabeak ere, ederki larrutuak izaten ziren, errukirik gabe: harroputzak, aberaskumeak, jauntxo gidariak...

Autogintzaren garapenak toki guztietan zeraman abiaduraz ohartu bezain laster, ordea, hasierako ebazpen zorrotza salbuespen-neurrien bidez biguntzen ahalegindu zen Gobernua, hautsi-mautsi bat bilatze aldera. Ia alferrik baina. Mende laurden batean, hainbat herri-galdeketaren antolatzea egokitu baitzitzaion, betiere ibilgailu motordunak bai ala ez deliberatzeko helburuaz. Burututako bederatzi erreferendumetan, autoen gaitzespenari eutsi zion gehiengo oso batek behin eta berriz, boto-emaileen parte hartze handiarekin. Hamargarrena eta azkena 1925ekoa izan zen. Baiezkoa gailendu zen oraingoan, %52ko gehiengo urriaz. Geroztik ez da atzera egiterik izan, beste edonon bezalaxe.

Errazegia litzateke, bada, autoaren inguruan gertatutakoa, nekazari begilaburren edo hiritik zetorren guztiari uko egiten zioten tradiziozale amorratuen bitxikeriatzat jotzea. Gatazkak ikuspuntu aurrerakoiak hartzen zituelako barne. Honela, esaterako, aztergai bihurtu ziren autoen alderdi txarrak eta onak, hausnarketarako bidea emanez. Denen ongia zen-eta jokoan. Eskualdea kutsatu eta giro lasaia hausteaz at, zein mesede egin liezaiokeen garraiobide berriak herriari, horixe gakoa. Zergatik eman lehentasuna banako batzuen atseginari, taldearen kaltetan? Autoak erroetan duen ezaugarri bat, bistan denez.

Agintarien jokaerak hortik jo zuen aurrerantzean, bestelako norabide bat hartuz: ibilgailu motordunen alde agertu zen, baldin eta gizarte arloan lagungarriak baziren. Besteak beste, sendagileak herrietara eramateko edota larrialdietan elikagaiak banatzeko. Ildo beretik erdietsi zuten lehen posta-autoek kantoian sartzeko baimena 1919an. Urteen buruan bus bihurtu eta jendea garraiatzen hasi ziren arren, posta-bus izena gorde dute gaurko garraio-busek ere.

Garraiogintzak, alabaina, ibilbide sendoa zuen egina ordurako Grisonian, ez nolanahikoa gainera. Suitzako zabalena izanik, biztanle gutxien dituen kantoi honek, ehun eta berrogeita hamar bat bailara ez ezik, hiru mila metrotik gorako bostehun bat tontor ere hartzen ditu. Mendate, haitzarte eta troka ugari, hots. Baita goi mendi arteko igarobide garrantzitsuak ere. Hauetariko asko historiaurrean eginak eta arrokan landuak dira. Erromatarrek, sarri legez, geroago bereganatutakoak, arkeologia-indusketek ongi erakutsi dutenez. Halaber gauzatu ziren ausardia handiko ekimenak XVIII. mende bukaeratik aurrera, bertako azpiegiturak berritzeari lotzeaz batera. Amildegi pikoak gainditzeko nahiz luiziak saihesteko, teknika-maila bikaineko eraikuntzak asmatu zituzten une hartan grisoniarrek, hala nola zubiak, zubibideak, funikularrak eta antzekoak.

Grsonian nortasun bereziko bidegileak munduratu dira -irudizko adieran zein bestean. Hauen artean dugu Richard La Nicca ingeniari ospetsua, zeinak burdinbide baten egitasmoa luzatu zion kantoiko Batzordeari, Suitza osoan lehen trena ibiltzen hasi baino zortzi urte lehenago. Hala eta guztiz ere, La Niccaren burutazioak hain ziren garaikideenak baino aurreratuagoak, ezen urte anitz igaro behar izan ziren haren ametsa bete zedin.

Gogoan hartzekoa da, bestalde, autoen debekua indarrean egon zen bitartean, buru-belarri jardun zutela kantoian oraindik badabilen Via Raetica izeneko trenbide eredugarria osatzen. (Raetica, lurraldeak antzinatean zuen Raetia izenetik eratorria da). Orduantxe egin zen ezaguna Richard Coray, arotz eta zubigile antzetsua. Guztiz baliabide berritzaileak erabili, eta maisulan ikusgarriei eman zien buru, paraje malkarretan berebiziko oholtzak, zurajeak eta zinbriak eraikiz.

Ostalaritzan aldiz, Johannes Badrutt San Murezzango hotel baten jabea dugu aitzindari, lehenengo bider atzerritarrak Suitzara neguan erakartzea lortu zuena, duela mende eta erdi. San Murezzan -"rumantsch" jatorrizko hizkuntzan-, edo Saint Moritz: honez gero, negu-kiroletako gune famatua eta atseden leku dotorea. Ur epelak bideratzeko Brontze Aroko egiturak dituen bainu-herria ere, Suitzan argindarra eskuratzen lehena.

Turismoaren alorretik heldu zen, hain zuzen, autoak baimentzeko azken bultzadetako bat. Irabazpide hau galtzeko beldurrak eragin omen zion-eta herritarren iritzi-aldaketari. Aipatu bide estuko Via Raetica trena, ostera, mundu-ondarearen zerrendan jaso zuen iaz Unescok. Egun, bidaiariak leize sakonen gainetik garraiatzen jarraitzen du. Aukera paregabe bat, hango bazter zoragarriak ezagutzeko.

Abangoardia, aurrerapena, atzeratasuna... zer diren ulertzeko baliagarriak zaizkigun zantzuekin egiten dugu topo Grisonian. Grisoniarrak -beren jatorriari dioten atxikimenduari esker agian- ez baitira beti edozein berrikuntza besterik gabe onartzeko prest egon. Aberasgarria suerta daitekeen jokabide bat -gogoetei eta elkarrizketei ateak zabaldu dizkien heinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo