GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Indarkeriari aurre egiten dakigu, baina medioak eskas ditugu»

p012_f01.jpg

Isabelle Collet
Ikerlaria soziologian

Hezkuntza Zientzietan doktoratua Paris X Nanterre unibertsitatean, ikerlari gomitatua da Isabelle Collet. Ikastetxeetako neska-mutil harremanetan aditua da, eta, horren bidez, Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioaren «Mistotasun, parekotasun, berdintasun» hitzarmenean parte hartzen du.

Ainize BUTRON |

2000. urtean Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioak «Mistotasun, parekotasun, berdintasun» hitzarmena izenpetu zuen. Hitzarmen horretan genero indarkeriaren prebentzioa eta, mistotasunari buruzko informazioa aipatua da besteak beste. Ikastetxeetan gai horiei buruzko ikastaroak antolatzen dituzte irakasleekin, eta haurrei eztabaida guneak proposatzen dizkiete. Isabelle Collet adituak ikastaro horietan parte hartzen du errektoretzek, akademiek edo ikasketen norabide zentroek eskaturik. Berdintasunaren bidean, irakaskuntzan transmititzen diren estereotipoei buruz hausnartzea proposatzen die irakasleei besteak beste.

Bederatzi urte igaro dira hitzarmena izenpetu zenetik. Zeintzuk izan dira martxan jarri diren ekimenak?

Hitzarmena bera aurrerapen bat da, berdintasuna hezkuntzaren baitako gai nagusien artean kokatzen lagundu baitu. 70eko hamarkadatik arazoa konponduta dagoela ziotenei aurre eginez, baztertu ezineko gai bilakatu du. Hitzarmenari esker ikastetxe batzuetan mistotasuna eskola egitasmoaren barnean kokatu dute. Irakasleei zuzenduriko ikastaro edo sentsibilizazio egunak ere antolatu dira. Azkenik, oraindik maila apalean izan arren, irakasle eskoletan generoari buruzko ikastaroak eskaintzen hasi dira. Gaiari buruzko sentsibilizazio lanean lehen urrats bat ahalbidetu du. Hitzarmenaren testua garbia da, orain bere osotasunean gauzatu behar da.

Ikastetxeetan neska eta mutilen arteko harremana ikertu duzu. Nola egiten dira lotura horiek? Gizon eta emakumezkoen artean heldutasunean aurkitzen den bortizkeria jada pil-pilean al da?

Bikotean bizi den hamar emakumetik batek genero indarkeria pairatzen du. Haurrak egoera horren lekuko dira, baita batzuetan biktimak ere. `Senar bortitza zen, baina aita ona' esaten denean harritu egiten naiz. Aita batek baloreak transmititzen ditu. Nola erran daiteke bere haurrei ama, edo orokorkiago emakumea, nola tratatu behar den erakusten ez dien gizona `aita ona' dela? Hala egiten bada balore matxistak bultzatzen dituen gizarte batean bizi garelako da. Emakume eta gizonen arteko bortizkeria kolegio eta lizeoetan ere aurkitzen dugu, gune horietan ikasleen erronka biharko gizon eta emakume bezala eraikitzea baita. Nerabe garaian izugarri garrantzitsua da besteei begira emakume femenino edo gizon maskulino bezala aurkeztea, eta beraz, jendarteak finkatzen duen sexu rola jokatzea. Gazte batzuek joko horiek gizon bortizkeria bultzatuz gauzatzen dituzte. Guztiz gizonak ez diren mutilak eta femeninoak ez diren neskak baztertu egiten dituzte; sedukzioaren jokoan sartzen direnean, nesken gorputza kontrolatzea izatea da xedea. Kasu, gazte guztiek ez dute horrela jokatzen, badira rol horiek jarrera, izaera edo eszena jokoen bidez gauzatzen dutenak ere. Jarrera okerrak gazteekin hitz egiteko tarte bat hartu orduko desegitura daitezke, baina, egiten ez bada, beraien sexu nortasuna estereotipoz beteriko jarrera horien bidez eraikiko dute gazteek. Eta, jarrera horiekin bat egiten ez duten gazteak gaizki egongo dira, ez baitute inguruan norma horiek hausten dituzten modeloak aurkituko. Norma horiek hausten dituen gunea izan beharko litzateke eskola.

Horri aurre egiteko zein ekintza bideratu dira ?

Genero indarkeriaren aurkako prebentzioak funtzionatzen du. Planning Familial elkartearen sexualitateari buruzko heziketak ere funtzionatzen du. Ideiak, soluzioak, badira. Asko eta anitzak dira. Ez da ez dakigunik nola egin. Kontua bortizkeri horien aurka egiteko benetako borondate politikorik ez dagoela da.

Irakasleek transmititzen dituzten estereotipoak aipatzen dituzu. Zeintzuk dira ondorioak?

Neska eta mutilek aukeratzen dituzten ikasketetan ageri da. Orokorrean, estereotipo horiek irakasleek ustekabean bermatzen dituzte. Lanerako baliatzen dituzten ikasmaterialek ere estereotipoak areagotzen dituzte.

Estatu frantsesean gero eta gehiago entzuten dira eskola mistoen aurkako jarrerak. Garai batean telebistako emankizun batean ere proposatu zitzaien ikasleei mistotasuna ez zegoen garai batera itzultzea...

Emankizun horretan neskak garbiketa egiten ikasten azaltzen ziren; mutilak, berriz, zientziak ikasten. Oso gaizki iruditzen zait. Bai, mistotasunak arazoak sortzen ditu, baina kontuan izan behar da ez dela sekulan gaiari buruzko benetako hausnarketarik egin. Pentsatzen jartzen bagara, gerlaren ostean mistotasuna finkatu zenean arrazoi ekonomikoak tarteko egin zela ikusiko dugu. Neska eta mutilak bilduta berdintasuna berez etorriko zela uste zuten. Amets bat zen. Nola lor dezake eskolak berdintasuna gizarteak berak lortzen ez badu? Eskolak gai honi buruz hausnartu beharra du. Zer da mistotasuna? Nola biziarazi daiteke?

Uste al duzu gibelera goazela? Eskolak ez duela jakin heziketa forma horri egokitzen?

Ez. Aurrerapenak egiten ari dira, zentzu onean gainera. Gogoetak bideratzen badira ez da gauzak txarrera doazelako, dauden ezberdintasunak gehiago onartzen ez ditugulako baizik.

Hainbat hezkuntza liburutan esaten denez, heldutasunean feminitatea alaiki bizi ahal izateko, emaztetasun fase batean sartu beharra dute neskek haurtzaroan, arrosa koloreko jantziak jarriz adibidez. Ados al zaude horrekin?

Zer da feminitatea? Badirudi denek badakitela zer den, baina nehork ez du definizio egonkor eta unibertsalik ematen. Norberak sexu nortasuna bere erara bizitzeko aukera izan beharko luke. Neska batzuk arrosa kolorearekin ondo sentitzen badira, ongi da. Mutiko batzuk amaren zapatak jarri nahi badituzte, horrek ez du erran nahi gayak bilakatuko direnik. Era berean, neska batzuk makillajea gustuko ez badute, ez du emakumeak ez direnik esan nahi.

 

Mistotasuna

«Nola sor dezake berdintasuna eskolak gizarteak berak lortzen ez badu? Eskolak gai honi buruz hausnartu beharra du. Zer da mistotasuna? Nola biziaraz daiteke?»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo