GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Bilbo Hiria Irratian, «Artayorran baño yantzan obeto»

Isidro Elgezabal mungiarrak eta Josu Zabala mekoletar musikariak gidatuta, oso-osorik euskaraz egindako musikari, iraganekoari eta egungoari, eskainitako irratsaioa aurkeztu berri du Zenbat Gara elkarteko Bilbo Hiria Irratiak, «Artayorran baño yantzan obeto».

A. BILBAO | BILBO

Bilbo Handirako euskara hutsez emititzen duen irratia da Bilbo Hiria. Arratsaldero, musikari eskainitako saio ugarik dute tartea bertan: «Baskistan», «Musibla», «Soinugela», «Kingston Hiria», «Zutargi Artean» eta «Gaubasa». Baina euskal musikak zuen tartea eskas samar iritzita, horiek guztiek «Artayorran baño yantzan obeto» dute kide berria. Isidro Elgezabalekin batera Josu Zabala da saioko arduraduna, eta berak eman digu programaren berri.

«`Artayorran baño dantzan obeto', egia biribila izateaz gain, euskal musikari eskainitako saioa da». Garai honetan, «musika irizpide handirik gabe eta betagarri legez erabiltzen da sarritan irratietan, kantuaren edo egilearen berri eman gabe, eta sarritan kantuak erditik moztuta gainera», eta, hori ikusita, «euskal musika errespetuz tratatzea da asmoa». Krisi garaiak direla eta, aspalditik «oihartzun eta mediatikotasun gutxi du euskal musikak, eta laguntza eman nahi diogu guk».

Saioak hainbat atal izango ditu eta agendari eta berriei ere tartea emango dieten arren, «batez ere errepaso bat emango diogu euskal musikaren historiari, hainbat monografiko antolatuta, autore, estilo edo garaien inguruan».

Hainbat formula erabiliko dituzte saioan; «batean, arruntenean, nahasketa bat egin eta hainbat kantu berri entzun eta agenda osatuko dugu». Bestean, ordea, «beti sartuko dugu biniloa, garai zaharrei errebisio bat egiteko. Tartekatu egingo ditugu formula horiek».

Musika estiloei dagokionez, programaren bitartez «euskal musikaren ezagutza guztia» eskaini nahiko lukete ahal balitz. Hori dela eta, ez dute estilo irizpiderik; «euskal musika, euskaraz egindako guztia, onartzen dugu gure saioan».

Orain arte hiru saio uhineratu ditu bikoteak. «Oraingoz monografikorik eman ez dugun arren, baditugu martxan Labegerieren eta Itoizen ingurukoak, eta laster Xabier Leteren inguruko bat lantzen hasi nahi dugu», esan digu Zabalak. «Aurrerago garai edo estiloen inguruan sortuko ditugu, irizpide ezberdinekin».

Elkarrizketak ere jorratu nahiko lituzkete, eta, Labegerieren monografikorako, «Anje Duhalderen laguntza interesgarria izango dugu, berak emango digulako Mixelen ezagutza. Elkarrizketatu baino kolaboratzaile bihurtu dugu Anje».

Lana eta ludikotasuna

Kopla zahar eta polit batek izendatzen du saioa. «Hainbat tokitan begiratuta aurkitu genuen `Baratzeko pikuak' izeneko kopla sorta, Euskal Herri osoan zehar hedatua dagoena», eta doinu ezberdin ugarirekin gainera. Hor, ludikotasunaren eta lanaren arteko tentsioan, dabil kopla, eta «gure saioa entretenigarri egin nahi dugu, nahiz eta jakin kantu guztiak ez direla guztien gustukoak izango».

Artajorran baino esamoldea koplaren bukaeran dago: «Baratzeko pikuak hiru txorten ditu, dantzan dabilen horrek hankak arin ditu, hankak arinak eta burua arinago, dantzan hobeto daki artajorran baino». Elgezabal eta Zabala kantua oso hedatua dagoela eta estilo askotako bertsio mordo bat dituela konturatu ziren; «sintonia legez, Estitxu abeslariak egindako bertsioa erabiltzen dugu», esan digute.

HERRIAREN KRONIKA

Josu Zabalaren ustez, «musikak idazten du herri baten kronika. Musika ere bada herri baten historia idazteko modu bat, eta gure herrikoa idatzita dago jada». Eta herria ulertzeko, lagungarria da kantuak berrikustea.

Fitxa

Irratia: Bilbo Hiria Irratia.

Saioa: «Artayorran baño yantzan obeto».

Hizkuntza: Euskara hutsez.

Diala: 96.0 FM.

Web orria: www.bilbohiria.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo