GARA > Idatzia > > Kultura

Mila lagun baino gehiago Hazparneko Elektro Gauean

GARA | HAZPARNE

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) musika jaialdiak bigarren Elektro Gaua antolatu zuen larunbatean, eta 1.500 ikusle inguru batu ziren Hazparneko Mendeala aretoan, elektro doinuek eta argi ikusgarriek gaua are gehiago girotu zutelarik. Horrela, lau orduz kantuak nahasten aritu ziren DJ Skilz miarriztarra, DJ Mon Colonel, eta nazioarteko erreferentzia bilakatu den Birdy Nam Nam laukotea. Azken horiek eskaini zuten ikuskizuna zinez berezi eta ikustekoa izan zen antolatzaileen arabera. Taldeko lau DJak elkarrekin nahasketak egiten aritu ziren, oso gutxitan ikusten den estilo batean.

Arrakasta nagusi

Elektro I. Gauean hasitako lanak jarraipena izan zuen atzokoan, EHZk publiko berri batengana hurbiltzen segitu baitu. «Lehen gauean hip hop doinuek leku handia izan zuten. Aldi honetan, elektroa izan da nagusi, eta arrakasta ederra izan da», azaldu zuen EHZko laguntzaile batek. Giroa paregabea izan zela gaineratu zuen eta guztiek gauaz «izpiritu sanoan» gozatu ahal izan zutela. EHZ jaialdia hurbiltzen ari da (uztailak 3, 4, 5) eta antolakuntzaren indar guztiak horretara itzuliak izanen dira hemendik aitzina. Hala ere, Elektro Gauen arrakasta ikusirik, horrelako proiektuekin jarraituko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo