Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Abadiñok 650 kiloko txapela geroz eta gertuago dauka
Bizkaitarrek oso erraz irabazi zuten lehenengo jardunaldia, eta berriro ere argi eta garbi utzi zuten gainerako tiralari guztien gainetik daudela.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Abadiñok jaun eta jabe izaten jarraitzen du, eta 560 kilotan ere txapela jantzi nahi du. Gainera, ezuste handirik ez bada gertatzen, beraientzat izango da aurtengo denboraldia amaitzeko geratzen den txapela ere .
Abadiñarrek aparteko eragozpenik gabe irabazi zituzten tiraldi guztiak, aurkari denak hartu zituzten mendean, eta, bide batez, gainerakoei garbi utzi zieten beraiei txapela kentzea ia ezinezkoa izango dela, berriro ere ikaragarrizko nagusitasuna erakutsi baitzuten.
Bigarren posturako lehia askoz ere gogorragoa izan zen Amaiurren eta Berriozarren artean. Biak galdu zuten Abadiñorekin, gainerako taldeak ere mendean hartu zituzten, eta beraien arteko dema ikaragarri polita eta lehiatua izan zen. Azkenean Amaiurrek lortu zituen bi tiraldiak, eta horrekin bigarren postua eskuratu ahal izan zuen.
Hirugarren postuan amaitu zuen Berriozarrek. Abadiñorekin eta Amaiurrekin galdu ostean, Ñapurrak eta Baiona mendena hartu zituen, eta horrek hirugarren postua eman zion. Ñapurrak taldearen inguruan itxaropen dezente zeuden, baina Ezpeletakoek ez zuten beren mailarik onena eman, eta Baionari bakarrik irabazi zieten. Ondorioz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, gainerako talde guztiekin galdu egin baitzuten.
Azkeneko postuan amaitu zuen Baionak. Lapurtarrek jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituzten, eta garbi geratu zen lehiaketa hau azken postuan amaitu nahi ez baldin badute, lan asko egin beharko dutela.
Lehen jardunaldiaren ostean, honela geratzen da sailkapena: lehenengo Abadiño doa 5 punturekin; bigarren Amaiur taldea geratzen da 4 punturekin; hirugarren Berriozar 3rekin; laugarren Ñapurrak 2rekin eta azken postuan Baiona puntu batekin. Hurrengo jardunaldia Ezpeletan jokatuko da.