GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Etxeberri eta Harizmendi binakako azken fasean sartu dira

J.L. | DONOSTIA


Etxeberrik eta Harizmendik lortu zuten atzo Berezkoen Binakako Txapelketako azken fasea jokatzeko txartela, Armendarizeko trinketean 40 eta 38 Bielle eta Ducassou mendean hartu ostean.

Norgehiagoka oso estu eta orekatua eskaini zuten bi bikoek. Biellerentzat eta Ducassourentzat hirugarren partida zen, aurreko bi kanporaketetan Lanbert-Dermit eta Alfaro-Lazkano kanporatu baitzituzten. Etxeberrirentzat eta Harizmendirentzat, berriz, lehen partida zen, baina nahikoa izan dute azkeneko fasean sartzeko.

Bi bikoetako inork ez zuen lortu aurkaria menderatzea, eta markagailuan 15 berdinketa izan ziren, azkenekoa 38-38. Hor edonork irabazi zezakeen, baina Etxeberri eta Harizmendi freskoago heldu ziren azkeneko txanpara eta falta ziren bi kintzeak burutzen azkarrenak izan ziren garaipena erdietsiz.

Partidaren maila ez zen izan ikaragarria. Bi bikoek tanto dezente galdu zituzten, eta hutsak ere ugari izan ziren norgehiagokan zehar. Partidak oren bat eta 40 minutu iraun zituen, eta honela joan zen markagailua: 1-1, 5-5, 8-8, 9-9, 11-11, 12-12, 13-13, 14-14, 15-15, 20-20, 21-21, 23-23, 30-30, 35-25, 38-38 eta 40-38.

Etxeberrik hiru tanto egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta 7 Biellek. Bikote irabazleak 23 tanto egin zituen jokoan, eta 16 izan ziren galdutakoak. Galtzaileek, aldiz, 14 tanto egin zituzten jokoan eta 15 galdu zituzten. Gaur aurkeztuko da Binakako Txapelketako azkeneko fasea, eta orduan jakingo da egutegia, baita Paxkal Ezkurra ordezkatuko duena zein izango den ere, ez baita jokatzeko moduan izango.

Paxkal Ezkurra

Paxkal Ezkurrak larunbat gaua erietxean pasatu zuen, eta atzo goizean odola sartu behar izan zioten berriz ere, Waltariren aurkako finalean izandako zauriaren ostean odol asko galdu baitzuen.

Lesioa zenbatekoa den oraindik ez da eman ezagutzera, baina gaur eguerdian aurkeztuko den Binakako Txapelketa hasi aurretik horren berri izatea espero da. Larretxearekin zen aritzekoa Urruñako txapelduna, baina garbi dago ez duela jokatzerik izango, lehiaketa hastera baitoa, eta atzelari lapurtarrak denbora gehiago beharko baitu kristalezko atea puskatu ostean izandako zauriak osatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo