GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Australiatik pilotari on bat irtetea ezusteko polita izango litzateke»

p038_f01.jpg

Ibon Garate

Pilotaria

Zortzi urte zuenetik palan jokatzen dabilen algortar honek bi hilabete daramatza Australiako Townsville herrian bertako gazteak pilotan eta palan trebatzen. Munduko Pilota Batzarrak bultzaturiko ekimen honen helburua pilota eskola bat sortzea da, eta egunen batean elkarteak antolaturiko txapelketetan parte hartzea eta beste herrien aurka aritzea. Euskal Herriaren falta sumatzen duela aitortu du berak.

Imanol CARRILLO |

Ibon Garatek egin ditu jada bi bidaia Munduko Pilota Batzarrarekin. Lehen bidaia, Dominikar Errepublikara egin zuen, hango jendea bi astez entrenatzeko. Bigarrena, AEBetara egin zuen eta bertan Munduko txapelduna izan zen larruzko paletan. Orain, Australiako Townsvillen dago bertakoei kirola irakasten.

Zer-nolako balantzea egiten duzu Australian daramazun tarte honetan?

Hemengo jendea kirol honetan inoiz aritu gabekoa da. Nahiko trakets hasi ziren, baina bi hilabetetan izugarrizko hobekuntza egin dute. Badago astirik, ikasle batzuek maila ona hartzeko.

Hemengo ia guztiek tenisera jokatu izan dute txikitan, hemen ohitura handiko kirola baita hori. Horiei nabaritzen zaie pilota jotzeko eran, eta alde horretatik oso ona da.

Orain squash-eko kantxetan ari gara entrenatzen, ni nagoen herrian frontoirik ez dagoelako. Kantxa hauek frontoien antzekoak dira, zertxobait txikiagoak. Hurbilen dagoen frontoia Inghamen dago, gutxi gorabehera 130 kilometrora. Uholdeak izan zirenez, ezin izan dugu hara joan. Bertako pilotalekua 18 metrokoa da, eta jakina, hor askoz hobeto entrenatu genezake.

Nolatan sortu zen asmoa?

Denbora dezente da Munduko Pilota Batzarrekoek asmoa azaldu zidatela, eta lehenengo unetik baietz esan nien nik, niretzako izugarrizko esperientzia eta aukera paregabea izango baitzen. Gure kirola Australiara ekartzea eta bertan irakastea oso esperientzia ona da eta, honekin batera, hemendik pilotari on bat edo gehiago ateratzea ezusteko polita izango litzateke.

Zein da ekintza honen helburua?

Ekintza honen helburua, nire ustez, eskola polit bat sortzea da, animatzen den jende gaztearekin, eta egunen batean Munduko Pilota Batzarreko txapelketetan parte hartzea eta beste herrien aurka jokatzea.

Zer da zehazki gazteekin egiten ari zarena?

Gehienak 20 eta 25 urte bitartekoak dira. Gutxi gorabehera 19 pertsona daude, baina egun guztietan ezin dira etorri, lan egiten dutelako. Bestalde, hemengoek pala jokoa nahiago dute, esku pilotan pilotak mina ematen dielako eskuetan. Badakizu, hau euskaldunok baino ezin dugu jasan (kar-kar-kar).

Nola ikusten dituzu gazteak?

Entrenatzen daudenak oso gustura daude; klase guztien bukaeran eskerrak ematen dizkidate eta oso pozik daudela ikusten zaie. Eskertzekoa da, benetan. Oso pozik nago egiten ari naizen lanarekin eta jendeak erantzuten duela ikusten dut.

Pasadizo bitxiren bat ba al duzu?

Bai, noski. Lehenengo saioan esku pilotara denbora dezente aritu ginen, eta eskuak lehertuta amaitu zuten batzuek. Hurrengo egunean esan zidaten gau osoa eskuak izotzetan izan zituztela. Normala da, ez baitaude ohituta.

Ikastaroko gazteek euskal jatorria al dute?

Sei dira euskal jatorria dutenak. Harrituta geratu nintzen Ayr-era joan nintzenean -Townsville ondoan dagoen herria- eta herri hori euskaldunez beteta zegoela ikusi nuenean. Gehienak Lekeitio eta Markina ingurukoak dira. Oso gauza barregarria ikusi nuen han: hitz egiterakoan hitz batzuk euskal kutsuarekin ateratzen zaizkie. Adibidez: denda «shop» esaten da, eta batzuei «shop-ie» irteten zaie.

Haurrek ba al zekiten zer zen pilota jokoa?

Euskal jatorrikoek gutxi gorabehera bazekiten, Euskal Etxean argazkiak eta panelak daudelako, baina euskal jatorria dutenek izan ezik, sekula ez dute 36 metroko frontoirik ikusi, eta are gutxiago partida bat.

Townsville-eko Euskal Etxeko kideen artean zaude bertan...

Oso ondo pasatzen ari naiz hemen eta izugarrizko esperientzia ari da izaten. Ez dut gauza handirik egin oraingoz, baina badaukat astia gauza interesgarriak egiteko. Proiektu batzuk ditut buruan: Magnetic Island-era joatea, hemengo Koralezko Barrera Handian urperatzea eta parke natural batzuk bisitatzea. Beste txango batzuk egitea ere bai: Gold Coast-era, Sydney-era eta beste lekuren batera joatea.

Irailean, gainera, Mundu Txapelketa egingo da Euskal Herrian...

Modu egoki eta azkarrean aurreratuz gero, txapelketa horretan egon litezke neska eta mutil hauek. Oso onak diren bi neska daude hemen, eta 5 hilabete hauetan hobetzea espero dut. Niretzat izugarrizko poza izango litzateke hemengoak txapelketa horretara joatea, han beraiekin egongo nintzatekeelako.

Seguru nago nire iritzia kontuan hartuko dutela, baina lehenengo hobetu egin behar dute, eta gero, Munduko Pilota Batzarrekoek erabaki beharko dute hemengo pilotariak ere eramatea. Nolanahi ere, espero dut hala izatea eta nire lanak helburua bete duela ikustea.

Herrimina sumatzen al duzu?

Bai, lehenengo momentutik sumatu dut Euskal Herriaren falta, familia, lagunak, herria. Algortarrak, gainera, oso lotuta gaude gure herrira, guztiok ezagutzen baitugu elkar. Halaber, nabaritzen dudan beste hutsune bat da zuriz jantzita egotea, partidak jokatzea eta maila altu batean entrenatzea. Baina aukera hau aprobetxatu behar dut, bizitzan behin agertzen den aukera horietakoa delako.

Zer egiten duzu Townsvillen zure aisialdian?

Ia egunero gimnasiora joaten naiz ibiltzen, musika entzuten, eta askotan herritik korrika egitera ateratzen naiz. Egunero ordu dezente egoten naiz bakarrik, hemen guztiek lan egiten dutelako, baina ibilalditxo batzuk egiten ditut hondartzatik, merkataritza zentroetatik eta herritik.

Noiz itzuli behar duzu Euskal Herrira?

Berez, itzuliko bidaia maiatzaren 12rako dut, baina uste dut atzeratu egingo dudala, Australiako Federazioari laguntza gehiago emateko eta, bide batez, hemendik bidaiaren bat egiteko.

Itzultzen zarenerako, ba al duzu beste proiekturen bat buruan?

Nik daukadan proiektu bakarra heltzerakoan entrenatzea eta lehen nengoen maila hartzea da, eta gero Euskal Herriko pilotari onenekin eliteko txapelketetan egotea. Eta posible bada, egunen batean profesionaletara jauzia ematea. Baina horretarako asko entrenatu beharko da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo