GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Prozeduratik helbururaino, arrakastatsua izatea merezi duen hondakinen bilketa sistema

Helburutzat herrian sortutako zaborren %80 birziklatzea, atzo hasi zen Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa. Hasiera horren lekuko izan zen GARA, eta usurbildarrak urduri baina gogobeteta sumatu zituen, oro har. Esperientzia hori aitzindaria da Euskal Herrian, baina Herrialde Katalanetan dozenaka udalerritan indarrean da hondakinen bilketa sistema hori eta haren emaitza ona izan da.

Hondakinen kudeaketa gero eta arazo handiagoa da. Usurbilen atzo hasitako sistemak arazo horri irtenbide arrazionala -alegia iraunkor eta osasungarria- emateaz gain, herritarrek kontzientzia hartzea ere ahalbidetuko du. Bestalde, hondakinen kudeaketa -beste hainbat arlotan bezala- goitik beherako erabakien bidez egin ohi dela ikusita, eredugarria izan da Usurbilen sistema berria abian jartzeko egin duten prozesua. Bada argi ikusten ez duenik ere, baina herriko bizilagun gehienek begi onez ikusten dute, ez alferrik parte hartu dute eztabaidetan eta prestakuntzan haietako askok. Parte-hartze eredugarri hori ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere, neurri handian haien esku dago-eta bilketa sistema horren arrakasta. Horregatik, emaitza ezin hobea ekartzea espero izatekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo