Maider Eizmendi Kazetaria
Den denari ezin zaio preziorik jarri
Zaila egiten zaio baserritarrari horrenbeste mimoz erein, hazi eta jaso dituen tomate aleei prezioa jartzea; pagatu ezinezkoak dira, halaber, goxotasunez egin dizkiguten opariak edota jasotako muxu eta besarkada zintzo askoak. Horiei ezin zaie inongo preziorik jarri.
Kontzientziaren karga handirik gabe jarri dio, ordea, Donostiako epaile batek emakume baten bularrari prezioa. Hura ukitzeagatik, hogei euroko isuna. Kilo bat tomate, legatz xerra batzuk eta urdaiazpiko pixka batek adina balio du kalean emakume batengana hurbildu eta besterik gabe bularra ukitzeak.
Epaileak ebatzi du ezin dela eraso sexistatzat jo; «menderaezinak diren jarrera lizunek» ez dutela kalifikazio hori merezi, alegia. Bere erabakia argudiatu du esanaz egun argitan eta jende mordoxka kalean zebilela egin zuela «aldrebeskeria». Ez du horrek egindakoa arintzen, are gehiago erasotzaile izateaz harago, lotsagabe ere badela pentsarazten dit niri: «erasotzaile lotsagabea». Eta hori gutxi ez, eta epaileak gizon horren alde eginez, gaineratu du bularra ukitzen tarte luzerik ez zuela eman, nahiz eta jakin emakumea bera izan zela eskua kenarazi ziona.
Uxue Alberdiri irakurri nion, ez orain dela asko, gizonak baino nahiago zituela «gixonak», eta higuindu egiten zutela «hori nirea izango da» dioten mutil eta gizon «ehiztariek». Epaileak «ehiztari» horiei eman die arrazoia eta argudioa; bai, berea eta nirea azkar batean nahasten dituzten horiei; baldin eta nirea zure egin nahi ez badut behintzat, norbera norberarena dela ohartzen ez diren horiei. «Barra libre» orduan, guzti-guztientzat.
«Ehiztari» horiek ere bai noski, baina ni oro har nazkatzen nautenak dira edozer eskuratzeko eskubidea duten horiek, izan gizon edota izan emakume, den-dena ezin baita «eskuratu», badaude preziorik ez duten gauzak eta sentimenduak, eta horiek erosten saiatzea bera eta, are gehiago, indarrez lortzen saiatzea, «delitua» da nire ustez, epaileak hala ebatzi edo ez.