Ibon Artola «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kidea
Kaleratze eta abarren aurka, borrokak elkartu!
Beharrezkoa da gatazkan dauden fabriketako langileen borrokak elkartzea. Arazoa bera izanda, mugimenduaren indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin
Burgesiaren hedabideek esan digute krisiaren erantzuleak eskrupulurik gabeko bankariak eta merkatua erregulatzeko kontrol falta direla. Horrela, bereiztu egin nahi dituzte kapitalista zintzoak eta gaiztoak. Baina, gorde egin nahi diguten arren, gutizia eta irabazirik handiena lortzeko borroka dira kapitalismoaren motorra. Marxismoak beti azaldu izan duen eran, kapitalismopean ekoizteko baliabideak esku pribatuetan daude eta ekonomia-jardueraren helburua ez da herritar gehienen beharrak asetzea, klase kapitalistaren irabaziak handitzea baizik. Beraz, arazoa ez da norbanako batena edo bestearena, arazoa ekonomia-sistema bera da. Gehiegizko ekoizpenaren krisi globala da hau. Merkatua ez da gai ekoiztu den auto, etxe, merkantzia... kopurua kontsumitzeko. Horren ondorioz, ekoizteko indarren, industriaren eta milioika lanposturen suntsiketa ari gara ikusten.
Lehertu den espekulazio-burbuila gobernu guztiek bultzatu zuten, eskuinekoak edo sozialdemokratak izan. Kapitalismoaren logika onartuz, «pelotazo inmobiliarioaren» festari eta burtsako espekulazioari babesa eman zioten eta, noski, zerbitzu eta enpresa publikoak pribatizatu dituzte monopolio handien onerako. Inongo gobernuk ez zuen arazorik izan lan merkatuan erreformak onartzeko, enplegu duina suntsituz, langileen lan baldintzak okertuz eta soldatak murriztuz. Gobernuek globalizazioaren eta konpetentziaren izenean hartu zituzten neurri horiek, eta zin egin zuten enplegua eta etorkizuna bermatuko zituztela. Baina errealitateak erakutsi du kapital handiaren eta banku handien irabaziak modu lotsagarrian hazteko bakarrik balio izan dutela.
Enpresaburuek, bankariek eta multinazionalek errekorrezko irabaziak pilatu dituzten bitartean, gure soldatak murriztu eta lan baldintzak okertu egin dira azken urteetan. Orain, enpresen irabazi tasak erortzen hasi direnean -hau da, gutxiago ari dira irabazten, eta ez irabaziak galtzen-, ekoizpen kostuak murriztu nahi dituzte milaka langile kalera botaz. Enplegua erregulatzeko espedienteak (aurrerantzean, EEE) sektore guztiak ukitzen ari dira izurrite baten moduan, eta multinazionalen eta patronalaren lanabes bihurtu dira, horrela euren irabaziak mantentzeko. Zoritxarrez, agintari sindikal batzuek EEEak onartu dituzte enpresaburuen arrazoiak «ulertuz». Baina jarrera hori erabateko akatsa da. EEEak onartzeak langileen erantzun ahalmena murrizten du eta abantaila ematen die enpresaburuei, lanpostuak suntsitzeko.
Krisi anker honek garbi uzten du gobernuak eta estatuak, kapitalismopean, ez direla neutralak. Beste gobernu guztien moduan, Ibarretxerena ere enpresarien aldeko neurriak ari da hartzen. Bankuei dirutza ikaragarria ematen dieten bitartean, uko egiten diote diru publikoa lanpostuak eta langabezia-sorospena bermatzeko erabiltzeari. Argi utzi dute ezin dugula gobernu eta patronalengan konfiantzarik izan. Ez dute ezer egingo langileon alde. Ez dugu borroka egitea beste biderik.
Mundu osoan bezala, Euskal Herrian ere langileen mobilizazioak handituz joan dira azken hilabeteetan EEE, kaleratze eta soldata murrizketen aurka. Langileek egindako mobilizazioetan garbi ikusi da langileek eta haien familiek euren lanpostuak eta soldatak defenditzearren daukaten borrokarako konpromisoa.
Beharrezkoa da gatazkan dauden fabriketako langileen borrokak elkartzea. Arazoa bera izanda, mugimenduaren indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Oso zaila da lanpostuak enpresaz enpresa defendatzea. Oso zaila da EEEak fabrikaz fabrika atzera botatzea, are gehiago patronala harropuzten duten soldata murrizketak onartzen edo negoziatzen badira.
Sindikatuek ardura oso garrantzitsua daukate. Azken urteetan, langile mugimenduaren lorpen historikoak eta eros-ahalmena galdu egin dira akordio sozialen ondorioz. Langile klaseak sindikatu borrokalariak behar ditu, langabeziaren aurkako eta enpleguaren aldeko programa langile guztietara zabaltzen dutenak:
-Arbuiatu egin behar dira EEEak. Krisian dauden enpresen nazionalizazioa exijitu behar da, hauek langileen eta hauen erakundeen kontrolpean jarriz. Diru publikoa ez dadila erabili bankariei oparitzeko, enpresetara dirulaguntzak bideratzeko, eta beherapen fiskaletarako, baizik eta lanpostuak mantentzeko eta herritar gehienen beharrak asetzeko.
-Bankuen eta monopolioen nazionalizazioa planteatu behar da, orain gutxiengo baten eskuetan dauden baliabide ekonomiko hauek inbertsio publikorako erabiltzeko. Honi esker posible izango litzateke azpiegitura sozial, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan inbertsio programa handiak aurrera eramatea.
-Pribatizatu dituzten enpresa publikoak berriz nazionalizatu, eta martxan dauden pribatizazio planak geratzeko eskatu behar da. Hezkuntza eta osasun publikoa defendatzea oinarrizkoa da zerbitzuen kalitatea eta sektore hauetako lanpostuak bermatzeko.
-Langabezia-sorospen mugagabea exijitu behar da. Lan astea 35 ordukoa izatea defendatu behar da enplegua banatzeko, soldata murrizketarik gabe. Erretiro adina 60 urtera aurreratzea defendatu behar da %100eko soldatarekin eta errelebo kontratuekin.
Hau da kapitalismoaren krisiari aurre egiteko eta langileen interesak defendatzeko alternatiba. Baina hau mobilizazio zabal, indartsu eta bateratuekin bakarrik lortu daiteke. Horregatik, sindikatuek, 24 orduko greba orokorra antolatu behar dute errebindikazio hauek defendatzeko. Greba orokor batek langileen eta herritarren babesa izango luke. Greba orokorrak ez luke izan behar helburu soil bat, patronala eta gobernuaren neurrien aurkako baliabide indartsu bat baizik.
Langile, defendatu itzazu errebindikazio hauek!