GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintzak hainbat ekimen   debekatu ditu egunotan Bilbo, Donostia eta Tolosan

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimenduak Ertzaintzaren «bortizkeria eta jazarpena» salatu ditu, eta asteburuan bertan, Bilbon, Donostian eta Tolosan izandako gertaerak ekarri ditu gogora.

Bilboko Deustu auzoko jaiak zirela-eta, txosnak muntatzen ari ziren lagunengana hurbildu zen Ertzaintza, eta bertan zeuden pankartei, txosnei eta pertsonei argazkiak ateratzeaz gainera, hainbat lagun identifikatu zituztela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Ertzainak «harrokeria handiz» aritu zirela ere azaldu du, eta gazte bati bi zaplazteko emateraino iritsi zirela azaldu du bere oharrean.

Donostiako Intxaurrondo auzoan, aldiz, Amnistia Eguna zuten deituta larunbaterako, eta bertako auzokide diren Igor Ortega, Amaia Arrieta eta Ugaitz Elizaran euskal preso ohiei ongietorria eskaini nahi zieten bertan. Auzitegi Nazional espainolak ekitaldia debekatu zuen, ordea, eta Ertzaintza izan zen debekua bermatzeaz arduratu zena. Egun osoan zehar Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan zela eman du aditzera mugimenduak.

Tolosan ere, espetxean hildako Mikel Lopetegiri igandean eskaini nahi zioten omenaldia oztopatu zuen Ertzaintzak.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren hitzetan, Auzitegi Nazional espainola «ongi zerbitzatzen duen Polizia» da Ertzaintza.

Hala ere, atzokoan presoen aldeko ekitaldi ugari izan zen: Ondarroan 85 lagun elkartu ziren, Santurtzin 75, Laudion 58, Iurretan 56, Deuston 40, Altzan 26, Astigarragan 20, Otxarkoagan 18, Ordizian eta Zaldibian 15, Zaldibarren 13, Euban 10 eta Añorgan 20.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo