Haurren eskubideak protagonista, Lapurdiko ekimen ugaritan
Haurren eskubideak dira datozen egunotan Lapurdin egingo diren hainbat ekimenen ardatza: haurrei eskainitako astea izango da Baionan, hilaren 23tik 28ra; eta Ziburuko haurrek panpinak egin dituzte, Unicefi laguntzeko.
Idoia ERASO |
Haur Txikien Egunak antolatu dituzte Baionan, zortzigarren urtez, eta Elkarteen etxean haurren gaineko hainbat gai jorratuko dituzte astebetez. Hendaian ere haurren eskubideei buruzko artelan erakusketa antolatu dute, martxoaren 25etik apirilaren 25era. Besteren artean, bertan aurkeztuko dira Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxeko haurrek Unicefi eskaintzeko egin dituzten panpinak.
Haur, profesional eta gura- soak elkartuko dira Baionan haurren eskubide eta gaitasunei buruzkoak lantzeko. Haurrak artatzeaz arduratzen diren egiturak ere izango dira, erakunde publikoez gain. Aurtengo gai nagusia, berriz, zirkua izango da.
Berritasun asko eskainiko dituzte aurten, gehienak zirkuari lotuak, hala nola: Askari sorgindu... eta bio motakoa, Objektu animatuak eta Zirkuaren herri zoragarria. Haurrentzako produktuen bigarren eskuko azoka ere egingo da lehen aldiz.
Ziburuko haurren oparia
Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxeko hogeita hamar gaztetxok Unicefi oparitzeko hemeretzi panpina egin dituzte aisialdiko tailerretan. Nazioarteko erakunde horrek daraman txerto kanpainaren barnean kokatzen da ekimena. Hogei eurotan saltzen den panpina edo «aurpegitxo» bakoitza haur bati txertoa jartzeko baliatuko da.
Lurreko haurren %75ek oinarrizko sei gaixotasunen kontrako txertoa baldin badu ere, laurdena geratzen da txertatzeke. Unicef munduko haurren %30 txertatzeaz arduratzen da, baina falta den %25era ailegatu ahal izateko kanpaina ugari daramatza.
Hainbat herrialdetako haurren egoerari buruzko informazioa jaso dute Piarres Larzabal ikastetxeko haurrek, «aurpegitxoak» egin dituzten tailerrean. Eta haurtzaroaren eskubideak ere jorratu dituzte 10 eta 14 urte artean dituzten ikasleek. Atzo ere, panpinak eskaintzeko ekitaldian, Unicefeko ordezkariek txertoei buruzko dokumental txiki baten emanaldia prestatu zieten.
Ziburuko gaztetxoek ikasitakoaren lekuko da haur bat irudikatzen duen panpina bakoitzak berarekin daraman «nortasun agiria». Gaztetxo bakoitzak panpina sortu baino lehen, irudikatu nahi zuen haurraren jatorria eta egoera definitu zituen. Besteren artean, han ziren Afrikako haurrak, familia bat eskatzen zutenak, bere gurasoak gerran erailak izan direlako, edota osasun eskubidea eskatzen zutenak, hiesak jota daudelako. Haur zuriak ere badira panpinen artean, dirua izanik ere maitasuna eskatzen dutenak, beren gurasoek denborarik eskaintzen ez dietelako.
Lan horiek beste artista eta haurrek egin lanekin batera Hendaiako eraikin publikoetan aurkeztuko dira hilaren 25etik apirilaren 25era.