GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

Gailurrera bidean borondateak eta zailtasunek talka egiten dutenean

Joan den asteko porrotek zalantzak sortu dituzte Gasteizko taldean. Denboraldiaren azken zatian, baina, ez dago duda egiteko astirik.

p035_f01_199x100.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

«Jokalari egokiak, ideia garbiak eta lan gogorra uztartuz gero, noranahi iristea posible da», adierazi zuen Dusko Ivanovicek gaur zortzi, Euroligako webgunean kontinente osoko zaleek egin zioten elkarrizketan. Zortzi egun pasa dira adierazpenok egin zituenetik, baina azken bi porrotek garbi erakutsi dute jokalari egokiek, ideia garbiek eta lan gogorrak ere ez dutela makalaldiren bat izatea saihesten.

«Azken bi partidak ikusita, ez gaude sasoi onean. Diotenez, Koparen ostean behera egitea normala ei da», adierazi zuen Ivanovicek berak igandean, Bilbao Basketen aurkako derbia galdu eta gero. «Hala diote, baina nire ustez ez da normala», gaineratu zuen. Azken batean, Ivanovicen ardura nagusia taldearen «arima» berriz aurkitzea da. «Galtzea beti da posible, baina Bilbao Basketen aurka arimarik gabe jokatu genuen. Hori da onargarria ez dena».

Olynpiakosen aurka aurreneko zatian 51 puntu jaso zituen talde gasteiztarrak, 47 igandean, eta partida bietan irabazteko benetako itxurarik ez zuen eman. Greziarren presioak eta bizkaitarren zonakako defentsek arabarren gabeziak bistan utzi zituzten. Aldiz, «Baskonia izaera» ez zen azaldu. Zergatik?

Nekea. Partida asko urritik martxora arte, etenik gabe. Hor egon liteke egoera txar honen iturburua... Ivanovicen filosofiak «nekerik ez dela existitzen» dioen arren. Existitu nahiz ez, jokalarien aburuz saihestezinak dira jokoko gorabeherak. Rakocevicen ustez, esaterako, «freskotasuna falta zaigu. Beti izaten dira memento zailak, baina kontuz ibili behar da, unerik garrantzitsuenak bertan ditugu-eta».

Erreakzionatu beharra

«Krisian ote gauden ala ez gauden, buruari bueltaka jarduteak ez du ezertarako balio», esan zuen, bere aldetik Fernando San Emeterio iritsi berriak. «Egia da bi neurketa jarraian galdu dituguna. Eta zer? Hurrengo partida aurrera atera, mahai gainean kolpe bat eman eta kito», gaineratu zuen.

Ez dago atzera begiratzeko astirik. Hilaren 24an Euroligako final-laurdenetako kanporaketa hasiko da -Tau Baskoniaren kasuan Bartzelonaren aurka, Palau Blaugrana pabiloian- eta hortik aurrera, atseden hartuko duten bakarrak kanporaturiko taldeak izango dira. «Lehiaketak erabakitzen diren unea bertan dago eta partida horietara ezin da zalantzaz iritsi», esan zuen bere aldetik Rakocevicek.

«Orain astebete izango dugu hurrengo neurketa prestatzeko, eta Tau Baskonia lako talde serio bat hurrengo neurketarako indartsu egongo da berriz».

Esatea errazagoa da beti esandakoa betetzea baino, gailurrera bidean borondateak eta zailtasunek talka egiten dutenean, are gehiago Euroligak eta ACB Ligak duten maila ikusita. Egia da, halere, jokalari egokiak, ideia garbiak eta lan gogorra uztartuta noranahi irits daitekeela.

Arimaren bila

«Galtzea beti da posible, baina Bilbao Basketen aurka arimarik gabe jokatu zuen taldeak», aitortu zuen Ivanovicek joan den igandean. Tau Baskonia krisian ote dagoen galdetzeak ez du ezertarako balio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo