Berezkoak
Ezkurrak sei hilabetetan ezin izango du pilotarik ukitu
Ia bost ordu iraun zuen ebakuntza egin zioten Urruñakoari, eta oraindik beste bat ere egin beharko diote. Bi tendoi eta arteria bat ditu ebakita.
Jon LEUNDA | BAIONA
Paxkal Ezkurrak gutxienez sei hilabete beharko ditu berriro pilota ukitu ahal izateko, atzo GARAri, Jean Michel Idiartek, EPB enpresako arduradunak aditzera eman zionez. Urruñako atzelariak pasa den larunbatean min hartu zuen, Buruz Buruko finalean. 20-2 galtzen ari zenean, eta bigarren tantoa egin zuenean, kristalezko ateari ukabilkada eman ostean egin zuen bere eskuan triskantza.
«Eskuin eskuko bi tendoi ebaki ditu, baita arteria bat ere. Larunbatean bertan egin zioten ebakuntza, ia bost ordu iraun zuena, eta oraindik beste bat ere egin beharko diote, baina ez dakigu noiz», esan zuen Idiartek.
Bestela ongi zegoela aitortu zuen EPBko agintariak: «Buruz ongi dago, badaki zer egin duen, eta zer datorkion. Hori bai, atzera egiterik balu, minutu erdi hura ezabatuko luke», esan zuen. Kolpearen ostean hiltzeko arriskua izan zuela ere baieztatu zuen Idiartek: «Bai, odol asko galdu zuen. Han sendagile bat bazen, eta erietxea ere ondoan zenez, dena ongi atera da, baina erietxe batetik aparte izan bazen finala, edo bertan sendagilerik izan ez balitz, akabo gure Paxkal, odol guztia galduko baitzuen, eta sendagileek behin eta berriz esan digute hori. Sekulako eskapada egin du», esan zuen Jean Michelek.
Paxkal ezagututa, zaleak aho zabalik utzi zituen. Beti izan da buru hotzeko mutila, bukaera arte borrokatzen den horietakoa da, eta larunbateko erreakzioa ulertu ezinik geratu zen jende asko. Idiartek esan zuenez, baita Paxkal bera ere: «Bera ez da horrelakoa, berak ere ez du ulertzen, baina gertatu egin zen, eta orain osatu egin behar», esan zuen EPB enpresako nagusiak.
Binakakoa
Binakako azkeneko fasea abian jartzera doa. Aldaketak izango dira, gainera. Izan ere, Ezkurraz gain, Kurutxari ere ez baita arituko, honek ere arazo batzuk baititu. Beraz, Paxkalekin aritu behar zuen Larretxea eta Kurutxarirekin aritu behar zuen Waltari elkarrekin arituko dira. Falta den bikoa osatzeko, aurrekanporaketan lehiatik at geratu diren Bielle eta Ducassou sartuko dituzte. Hauekin batera, Etxeberri-Harizmendi, Ibarrola-Ozafrain eta Sorhuet-Etxeto arituko dira.
Ligaxka eran jokatuko dute, eta lehenengoa zuzenean finalean sartuko da, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute. Lehia igandean hasiko da Baigorrin, eta finala Modernen, Baionan, jokatuko da, maiatzaren 2an edo 3an, azken egun hori oraindik erabakitzeko baitago.