Euskaltzaindiaren Azkue sarietan, neska gipuzkoarrak nagusi
Azkue sariak banatu zituen atzo Euskaltzaindiak Bilbon. 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako sariketak adinaren araberako bi maila eta narrazio eta olerki atalak bereizten ditu. Atzokoan, hamabi sarietatik hamaika neskek eskuratu zituzten, eta zortzi gipuzkoarrak ziren.Anartz BILBAO | BILBO
Euskaltzaindiak, BBKrekin batera, «idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz» sortutako Resurrecion Maria Azkue lehiaketaren 2008ko sariak banatu zituen atzo, Bilboko Plaza Barriko egoitza nagusian.
Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak azaldu zuenez, guztira berrehun eta hirurogeita bat lanek parte hartu du sariketan. A mailan (11 eta 14 urte bitartekoak) 112 narrazio eta 71 olerki izan dira, eta B mailan (15 eta 18 urte bitartekoak) berriz, 54 narrazio eta 24 olerki. Euskaltzaindiak izendatuta, literatura arloko lagunek osatzen dute urtero epaimahaia. Aurten, Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irustak izan dute ardura hori A mailan, eta Joseba Butron, Jabier Kaltzakorta eta Kirmen Uribek, B mailan.
A taldeko epaimahaikideen izenean Yolanda Arrietak eman zuen saridunen berri. Lan ugari eta onak jaso zituztela nabarmendu zuen etxebarriarrak, baina poesia gehiago landu beharraz ere ohartu zuen entzuleria. Haren esanetan, «narrazio dibertigarriak eta maitasunari buruzko olerkiak» landu dira, baina «ohiko klixeetatik irteteko intentzioa» nabari zaie idatziei.
Narrazio atalean, Maialen Watzinger azpeitiarrak eskuratu zuen lehen saria, «Zabaletaren autobusa» lanagatik. Bigarrena Libe Galdos zegamarrak lortu zuen, «Tximiniako uso zuria» lanarekin, eta hirugarrena, Maialen Akizu urretxuarraren «Indiana Jons-en azken abentura»k.
Olerkiei dagokienez, Ipar Euskal Herrira egin zuten sari nagusiek. Elena Casirainen «Zuretzat» poesiak Ortzaizera eraman zuen lehenengo saria. Bigarrena Lorea Bosc baionarraren «Urtaroak» lanak lortu zuen, eta hirugarrena Oihane Zugarramurdi goizuetarraren «Maitasuna beti ez da berdina» olerkiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak Kanboko Xalbador ikastetxeko Pruden Sudupe Azkunek egindako lana goraipatu zuen, urtero-urtero izaten omen ditu-eta ikasleak saridunen artean. «Ezkutukoari zukua atera eta agerikoa birritan begiratzeko idatzi, eta egunari ordu bat irabazteko, irakurri» esanez agurtu zituen Arrietak idazlegai gazteak.
B mailakoen sarien berri Jabier Kaltzakortak eman zuen. Markinarrak esan zuenez, «bide ezberdineko» lanek parte hartu dute aurten sariketan. Narrazio atalean, Iraitz Ugalde lezoarra izan zen arrakastatsuena, lehenengo eta bigarren saria lortu baitzuen, «Mendian gora» eta «Pareta bezain zuri» lanei esker. Hirugarrena berriz, saridunen arteko mutil bakarrak erdietsi zuen, Iruritako Aritz Urrutiak. Olerkien atalean, beste lezoar batek lortu zuen sari nagusia, Irati Mogollonek, «Hego haizea» poesiarekin. Iraitz Ugalde herrikideak jaso zuen bigarrena, «R.I.P. poesia» lanarekin. Hirugarrena berriz, Leire Arenas azpeitiarrak, «Betiere» lanagatik.
Idaztera emanak
Ekitaldiaren bukaeran pozik zen Iraitz Ugalde. Lezoarrak iaz ere parte-hartze nabarmena izan zuen sariketan, eta Urruzuno literatur lehiaketaren irabazle ere izateaz gain, herriko pertsonaia mitologiko batean oinarritutako «Trapujale» ipuina argitaratu berri du. Sariak lortzea «sorpresa pozgarria da», bere esanetan. «Beti gustatu izan zait idaztea», eta hain zuzen ere Azkue sariketa izan zen gazteagoa zela parte hartu zuen lehena, «irakasle batek bultzatuta». Ugaldek «etxean kaxoian izaten diren lanak bideratzeko aukera» baliatzen du, «sariketak aitzakia» hartuta. Sarietan nesken presentziaz galdetuta, «idazle profesionalak gizonak dira gehiago, baina neskak errazago irekitzen gara idaztera, gero agian behar bezala jarraitu ez arren», esan zigun.
Euskaltzaindiak aurki plazaratuko ditu lan sarituak, aipamen berezia izan duten Mikel Muńoz donostiarraren «Charles Holmes eta Pergamoko bitxiak» narrazioarekin eta Mailen Dagorret itsasuarraren «Seme soldaduak amari» olerkiarekin batera.
Lezoar gazteak bere mailako hiru sari eskuratu zituen. Narrazio ataleko lehenengo biak eta olerki ataleko bigarrena. Ugalderen esanetan, sariketak «etxean kaxoian izaten diren lanak bideratzeko aitzakia» ona dira.
A Mailako narrazio atala:
«Zabaletaren autobusa», Maialen Watzinger. «Tximiniako uso zuria», Libe Galdos. «Indiana Jons-en azken abentura». Maialen Akizu.
A Mailako olerki atala: «Zuretzat», Elena Casirain. «Urtaroak», Lorea Bosc. «Maitasuna beti ez da berdina», Oihane Zugarramurdi.
B Mailako narrazio atala: «Mendian gora», Iraitz Ugalde. «Pareta bezain zuri», Iraitz Ugalde. «Guzizco Jaun noble», Aritz Urrutia.
B Mailako olerki atala: 1. «Hego haizea», Irati Mogollon. «R.I.P. poesia», Iraitz Ugalde. «Betiere», Leire Arenas.