GARA > Idatzia > > Kultura

«Juglarea, puta eta eroa»k irabazi du IX. Donostia Antzerki Saria

Dario Foren hiru bakarrizketa aukeratu zituen Le Théâtre du Pain taldeak oholtzaren gainean euskalkien arteko erlazioaz hitz egiteko. Sariarekin, «euskararen aldaeren erabilera» goraipatu nahi izan dute. Hilaren 27an egingo den ekitaldian antzezlana ikusteko parada izango da.

p043_f01_148x100.jpg

GARA | DONOSTIA

IX. Donostia Antzerki Saria hilaren 27ra arte emango ez den arren, atzo jakinarazi zuten aurtengo irabazlea Luhusoko Le Petit Théâtre de Pain taldearen «Juglarea, puta eta eroa» lana dela. Helduei zuzenduak eta euskaraz eskainiak diren antzezlanen artean, Dario Foren hiru testutan oinarritzen den hau aukeratu du epaimahaiak. Erabakia arrazoitzeko, «oso lan interesgarria» dela eta bertan egiten den «euskararen eta euskararen aldaeren erabilera» goraipatu zuten epaimahaiko kideek, atzo egindako agerraldian.

Le Petit Théâtre du Painen lanak 1970eko hamarkadako Italiaren egoera islatzen du. Fok italieraren hainbat dialekto erabiltzen zituenez lanak idazteko, Ipar Euskal Herriko taldeak euskarara moldatzea erabaki zuenean, pertsonaien nortasunari so egin, eta «hau euskalduna balitz, nongoa litzateke?» hausnartu zuen, eta hala, hiru euskalki nahasten dituen testua osatu zuten. Ximun Fuchs da lanaren antzezle bakarra. «Euskara molde desberdinetan duen ahoskera bikaina ez ezik, interpretazioarekin ere bete-betean asmatu du muturreko pertsonaiak antzezteko gaitasun aparta erakutsiz», azaldu zuten antolatzaileek.

Lan hau aukeratzeko arrazoien artean, halaber, Mariya Minerva zuzendariaren egitekoa ere nabarmendu zuten, «trebetasun handia» erakutsi baitu aktorea zuzentzen, epaimahaiaren aburuz. Azkenik, sormen handia izan dutela eta baliabideak kudeatzen eta optimizatzen asmatu dutela ere gaineratu zuten, «gauza gutxirekin emaitza harrigarriak lortuz».

Sari banaketa Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egin ohi dute. Hortaz, martxoaren 27an Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokian egingo da ekitaldi berezi hori. Bertan, «Juglarea, puta eta eroa» ikusteko aukeraz gain, Fernando Bernuesek zuzendutako ikuskizuna eskainiko da.

Helduentzako euskarazko antzerki programazioa sustatzeko helburua duen saria esleitzearekin batera, urteko balorazio egiteko unea izan ohi da eta, atzo esan zutenaren arabera, Donostian «antzerki eskaintza interesgarria ikusteko aukera» izaten da urtean zehar. Iaz 9 antzerki lan eta 22 emanaldi eskaini zirela gogorarazi zuten, guztira 4.007 ikusle bilduz. Nabarmendu zuten, 600 ikusle gehiago esan nahi duela horrek. Irabazlearekin bat, besteak beste, Txaloren «Gronholm metodoa», Tanttakaren «Arrainen bazka» edo Maskaradaren «Ohean» lehiatu direla gogorarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo