GARA > Idatzia > > Ekonomia

LAB: «Egun bateko protestatik harago, mugimendu zabala eratu behar da»

Martxoaren 19an izango den mobilizazio egunerako deia egin badu ere, LABen iritziz, «egun bateko protesta ez da aski egoerari aurre egiteko». Horregatik, eta gizarte-mugimendu zabala eratzeko asmoz, gonbidatu zituen gainerako sindikatuak. Batek bakarrik erantzun du.

p024_f01_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Datorren ostegunean krisiak langileengan dituen ondorioak salatzeko Estatu frantsesean izango den mobilizazio eta greba egunean parte hartzera deitu zuen atzo LABek, Baionan. Alta, egoeraren larritasuna ikusita «egun bateko protestatik harago joatea» beharrezkoa dela nabarmendu zuten Dominika Agerrek eta Eñaut Elosegik.

Desberdintasunak gorabehera, Guadalupeko kasua hartu zuten adibidetzat: «Han aspaldi ekin zioten elkarlanari gizarte esparru askotariko 49 talde eta elkartek. Diagnostikoa egin eta 146 proposamen zehaztu zituzten arlo guztietarako, eta hainbat irtenbide bideratu dituzte».

Antzeko elkarlana da, hain zuzen, LABek behar-beharrezkoa deritzona. «Urgentziazko egoerari» aurre egiteko gizarte eta lanbide arteko mugimendua eratu behar dela adierazi zuen Agerrek. Hala, dinamika hori sustatzeko asmoz, lehenik, gainerako sindikatuak gonbidatu zituzten joan den ostegunean bilkura batera, baina soilik SUD sindikatuak hartu zuen aintzat deialdia.

Jarrera «tamalgarria»

Sindikatu gehienek LABekin lan egiteari uko egiten jarraitzea «tamalgarria» da Elosegiren esanetan, «are eta gehiago egun langileek dituzten premiak ikusita». «Ugazabek eta gobernuak ederki asko egiten dute bat euren interesak defenditzeko orduan eta, bitartean, langileen sindikatuek diskriminazioari eutsi eta elkarlana errefusatzen dute», gaineratu zuen.

Agerraldiaren hasieran egin zuen azterketaren harira, Jabi Gernika Idazkaritzako kideak ere nabarmendu zuen ez dela «sindikatuen arteko lehia» sustatzeko garaia, indarrak batu eta «krisi egoera sortu duten arrazoiak borrokatzeko» baizik.

Krisiari aurre egiteko ezartzen ari diren neurri guztiak norabide batean, bideratzen direla salatu zuen, alegia, «egungo sistema mantentzera», estatuek diru publikoa finantza eta enpresa handien mesedetan jartzea eskandalagarritzat jota.

«Eragile guztiak puntu batean, bederen, bat datoz: indarrean dagoen eredu ekonomikotik eratorritako krisia da», esan zuen Gernikak. Horregatik, sindikatu abertzalearen iritziz ezinbestekoa da «bestelako eredu bat» plantan ezartzea, pertsonen mesedetan izango dena, «ez soilik bakan batzuentzat». Bide horretan, langileak eurak «protagonista izateak» berebiziko garrantzia du LABentzat.

EKIMENAK

Parisen hartzen diren erabakien zain geratu ordez, lekuan lekuko ekimenak ere bideratu behar direla esan zuen Agerrek, batez ere, Estatu mailako sindikatuei zuzendurik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo