GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Julen Etxeberria Sortzen-Ikasbatuazeko zuzendari mintegiko kide

Zer zuzendu nahi du Zuzendaritza Dekretuak?

Duela hilabete ateratako dekretuaren arabera, lehengo egunean bukatu zitzaigun «zuzendari profesionaloi» gure zuzendaritza proiektuak aurkezteko epea, hurrengo lau urteetan zuzendari izan nahi badugu behintzat.

Gertatzen dena da Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko ikastola eta ikastetxeetako eskola ereduan horrelako perfila duen zuzendaritzak zaila duela sarrera eta ibilbidea.

Zuzendariok ikastolako Zuzendaritza Plana egingo dugu, bai, baina aipatu plana bete behar dutenen onespenik gabe, zuzendariok nahi dugun bidea markatuko dugu, baina ikastolako komunitateak bere kabuzko autopista hartzeko arriskua begi-bistakoa da.

Ikastetxe baten martxa ez du pertsona bakarrak ezartzen eta eramaten, ezin du. Gainera ez da komenigarria ere. Martxa hori ikastola bakoitzak, bere ibilbidea, ingurua eta baldintza guztiak kontuan harturik, antolatu behar du. «Autonomia» hitzari egin behar diogu men, beste behin ere. Goitik beherako lan egiteko era honek ez ditu fruitu onak eman beste arlo batzuetan; beraz, nolabait ere behetik gora lan egiteko aukera dugunetan, zertarako aldatu norabidea?

Bestalde, zer dela-eta da lau urteko bidea «egokiena»? Zeinek esaten du hirukoa edo bostekoa ez denik egokiago?. Derrigorrezkoa da, kasu honetan ere, ikastola eta ikastetxe bakoitzaren beharretatik abiatzea. Kasu honetan, berriz, malgutasuna da gakoa.

Ez dugu gaizki ikusten zuzendaritza talde batek (ez zuzendariak bakarrik) bere lan ildoak nondik nora joango diren erakutsiko duen bidea marraztea. Baina bide hori bakardadean egin nahi ez badugu, izendatutako martxoaren 6ko epea baino luzeagoa beharko dugu barneko diagnosiak, ondorioak eta adostasunak azaleratzeko.

Bukatzeko, pizgarriak agintzen dizkigute urtebeteko epearen azpitik. Hau da, gure lan perfila zehaztu ondoren onurak ikusiko omen ditugu... Hobe genuke langile guztiok eskolari eskaintzen zaizkion ardurak eta sosak guztion artean banatzea, berriro ere, beharrezko ez den langileen arteko sakabanaketari bultzadarik eman gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo