Aita Beneditarren artxiboa handituko du Aldundiak
Lazkaoko Aita Beneditarrek Euskal Herriko historia laburrean plazaratu diren argitalpenen artxibo zabala osatu dute, baina egoitza txiki geratu zaie azken urteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak «biltokia» handituko die 580 metro koadro izango dituen gune berri batekin.Ariane KAMIO | LAZKAO
Aita Juan Joxe Agirrek eta Beneditarren komunitateak hamarkada luzeak daramatzate azken bi mendeetan Euskal Herrian nahiz erbestean argitaratu den oro txukun klasifikatu eta gordetzen. Egunkariak, aldizkariak, kartelak eta pegatinak dira gehienbat beren apaletan gorde dituzten argitalpenak. Hainbeste urtetan bildutakoek, ordea, gero eta leku gehiago behar izaten dute eta Lazkaoko Aita Beneditarren egoitza gero eta txikiago geratzen joan da. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundia, artxibo hori bizirik mantentze aldera, 580 metro koadro izango dituen eraikin berria sortzen ari da berezko egoitzaren ondoan eta urtebete barru amaituta egotea espero dute. Agiritegi berriak energia aurrezteko hornikuntzak erabiliko ditu eta eraikinean baratza fotovoltaikoa ere izango da.
Artxibo «biziduna»
Aldundiko agintarien bisita jaso zuten atzo Beneditarrek eta, bereziki, artxibategiaren sortzaileak, Aita Joxe Juan Agirrek. Historiaren «biltegi bizi» hori gehienbat azken 40 urteetako Euskal Herriko historia politiko eta sozialaren lekuko garrantzitsua da, belaunaldi batetik bestera Euskal Herriko historia garaikidea eramangarriago izaten laguntzen duena. XX. mendeko euskal gizartea eta garai desberdinetan izandako politikak hobeto ulertzeko baliagarri den altxor horrek era askotako dokumentuak biltzen ditu. Hala nola bertan aurki daiteke hainbat erakunde eta mugimendu politikoen inguruko dokumentazioa, ESB, KAS, PCE, EAJ, PSE-PSOE edota FRAPenak, kasurako. Sindikatu eta kultur eragileen inguruko argitalpenak ere ageri dira Lazkaoko artxiboan: Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Kakitzat, Kilometroak, etab. Agirrek azaldu zuenez, artxibo «bizi» horretan denetariko dokumentazioa gordetzen dute, aldizkako argitalpenak, egunerokoak, kartelak, pegatinak... batzuek ehunka ale dituzte, eta besteek agian bi soilik, baina guztiek balore berbera dute, haren ustez. Guztiak «altxortzat» hartzen ditu Agirrek, baina Mexikon euskaraz plazaratutako argitalpen bat, «Zeruko Argia»ren argitalpen osoa, 1919an sortu zenetik gaur arte, edo Ipar Euskal Herrian kaleratu zen «Fedearen Propagacionea» (1877) aldizkaria azpimarratu zituen bereziki. Azken hori da Agirreren artxiboan aurkitzen den argitalpenik zaharrena eta lapurteraz idatzita dago. Aldizkako argitalpen laburrak egiten zituzten eta guztiak euskaraz kaleratu ziren.