Barañaingo UPNko zinegotzi baten bizkartzaina atxiki zuen Udaltzaingoak
UPNko zinegotzi eta Udaltzaingoaren arduradun politikoa den Oscar Goñiren bizkartzain bat atxiki zuten astelehenean, hauek, euren autoa uzteko udaltzainei dagozkien hiru toki hartu ondoren. UPNko agintarien eta udaltzainen arteko liskarren ondorioa da gertatutakoa.
Gari MUJIKA |
Barañaingo alkatetza NaBairen eskuetatik UPNren eskuetara igaro zenetik, udalerriko udaltzainen eta UPNko agintari politikoen arteko ika-mikek ez dute etenik izan. Astelehenean izan zen azken gertaera, Oscar Goñi UPNko zinegotzi eta Udaltzaingoaren agintari politikoaren bizkartzaina komisarian atxiki zutenean udaltzainek eurek; hala baieztatu zion GARAri NaBaiko Floren Luquik, atxiki zutena Oscar Goñi bera izan ote zen galdetu ostean. Izan ere, informazio hori eman baitzuen herenegun apurtu.org webguneak.
UPNk Alkatetza hartu bezain laster, Udaltzaingoaren buru ezarri zuten Emilio Jimenez militar espainola. Gainera, Altsasun UPNko zerrendetan joana da bera. Jimenezen eta udaltzainen arteko liskarrak ere ez dira makalak izan, eta egun ere bere horretan daude. Haren dimisioa eskatuz idazki bat sinatu zuten udaltzainen gehiengoak.
Autoa gaizki aparkatu ostean
Ondotik, bilkurak egin dituzte, baina udaltzainen aurkako «errepresaliak» ere izan dira.
Horrez gain, UPNko zinegotzien eta udaltzainen arteko erlazioak itxura bertsua du. Hala, astelehenean, udaltzainek euren autoentzat dituzten hiru toki okupatu zituzten Oscar Goñi UPNko zinegotziaren bizkartzainek. Udaltzain batek ohartarazi egin zien arren, bertan jarraitu zuten, jaramonik egin gabe. Floren Luquik esandakoaren arabera, autoa bertatik kentzeko epea eman zieten udaltzainek, baina bizkartzainak bertan geratu ziren, auto eta guzti.
Udaltzainek, orduan, isuna ezartzeko asmoz, horietako bati identifikatzeko eskatu zioten, eta honek plaka erakutsi zien. Bizkartzainek hori egitea debekatuta dutenez, komisarian atxiki zuten identifikatu zen arte.
Barañaindarrekin bezala, udaltzainekin ere liskar ugari ditu UPNk. Udaltzaingoaren buru militar espainol bat ezarri zuten, eta orain, horrek herritarrei agur militarra egitera behartu nahi ditu udaltzainak.