GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Egun osoko egitaraua, Euskal Unibertsoa ekimenaren baitan

Martxoaren 28an Eibarren burutuko den Euskal Unibertsoa ekimenaren egitaraua aurkeztu zuen atzo Euskal Herriak Bere Eskolak. Euskal Unibertsitatea irudikatzea izango du helburu eta horretarako, ekonomia, politika, hezkuntza eta teknologia berriak gai hartuta, hitzaldi eta eztabaidak antolatu dituzte. Egun osoko egitarau betea osatu dute, aisialdia eta kultura bateratzeko kontzertuak eta bertso bazkaria ere antolatu baitituzte.

GARA |

Euskal Unibertsoa ekimenaren aurtengo edizioko egitaraua aurkeztu zuten atzo arratsaldean Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) ekimeneko kideek Eibarko Arrate kultur elkartean. Martxoaren 28an izango da ekitaldia eta helburua Euskal Unibertsitatearen irudikapen praktikoa egitea da. Horretarako, egun osoko egitarau oparoa antolatu dute.

Goizeko bederatzi eta erdietatik aurrera hasiko dira hitzaldiak, UEUren egoitza nagusian, Markeskoa Jauregian. Sei sailetan banatu dituzte mahai-inguru eta eztabaidak, eta jendartean erreferente diren hizlari zein hainbat arlotako adituek hartuko dute parte saioetan.

Esaterako, «Euskal Herriaren erronkak XXI. mendean» izenburuko mahai-inguruan alderdi politiko ezberdinetako kideek parte hartuko dute. 10.00etatik 11.30era luzatuko den eztabaidan Arnaldo Otegi, EAJko Luke Uribe-Etxebarria eta Aralarreko kide bat izango dira. Horren ondotik, 12.00etan, Nafarroa Bizirik-eko kide Mikel Lizasok hitzaldia emango du «Nafarroa 1512-2012» izenburupean.

Ordu horretan bertan, hainbat sindikatuk ekonomia eta krisiaren inguruan eztabaida publikoa egingo dute Joseba Garmendiak gidaturik. Elikadura-subiranotasunaz ere mintzatuko dira EHNEko eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako kideak.

Bertso bazkaria eta kontzertuak

Hezkuntza, osasun zientziak eta teknologia berrien inguruan ere arituko dira. Iñaki Arratibelek eta Igor Gutierrezek, esaterako, «Goi mailako kirol prestakuntza» izenbupean hitzaldia eskainiko dute eta Itziar Larrañaga «Osasunaren autogestioa»-z mintzatuko da.

«Mugikortasuna eta lurralde antolamendua» izango da Jon Artetxek emango duen hitzaldia eta hainbat blogarik «Euskara 2.0 ideia tailerra» gidatuko dute.

Azkenik, haurren unibertsitatea ere jorratuko dute hezitzaileek gidaturiko tailerrean eta «Euskal Herria ezagutzen» jokoaren bitartez.

Ekitaldi nagusia 11.30ean burutuko da Markeskoan. Eguerdian berriz, Eibarko kaleetan barna ibili eta gero, bertso bazkaria egingo dute Beñat Gaztelumendi eta Abarkas bertsolariekin. Egunari amaiera emateko eta bide batez aldarrikapena, aisialdia eta kultura uztartzeko asmoz, kontzertuak antolatu dituzte. Zura, Asier Serrano eta Hudaltzainak arituko dira 18.30etik aurrera Portalea aretoan.

Euskal Unibertsoa ekimena orain bost urte jarri zen abian, Euskal Unibertsitate baten aldeko proiektuari bultzada emateko. EHBE-k salatzen duenez, gaur egun Euskal Herrian dauden unibertsitateetan euskaraz ikastea zaila baita, egitura antidemokratikoa dute eta interes neoliberalen menpe daude.

OTEGI

Ezker abertzaleko bozeramaile Arnaldo Otegik, antolaturiko eztabaidetako batean hartuko du parte EAJ eta Aralar-eko kideekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo