GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Tuterako herriko tabernaren aurkako erasoa edo kolorearen araberako inpunitatea

Tuterako herriko tabernaren kontrako erasoa ez zen albiste izan atzo inongo telebistatan. Ez eguneko albiste nagusi ez garrantzi txikiko, hedabideetan izan zuen tartea ikusita. Ez zen ministrorik agertu erasoa egin zutenei urte luzetako kartzela agintzeko, ez politikaririk gaitzespen gogorrak egin eta ikerketak eskatzeko. Atzoko erasoa ez da Tuterako herriko taberna horren kontra edo udalerri horretako euskal kulturari lotutako eraikinen kontra egindako lehena, baina esanguratsua da, oraindik orain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskunde kanpainan, Lazkaoko herriko tabernaren aurkako erasoaren ondoren gertatu izana. Eraso hura hedabide guztietan albiste nabarmena izan zen, baina ez gaitzespenerako gai gisa, haren egileari, disimuluz edo agerian, babesa eskaintzeko baizik. Hartara, agintari, politikari eta hedabide horiek, hipokrisiaren mukuruan, mezu bat zabaldu dute: ekintza batek kolorearen araberako trataera merezi du. Gaitzespena, antzua izanda ere, ezinbestekotzat -gaitzespenik eza legez kanpo ezartzeko motibo izateraino- jotzen duten horiek kolorearen araberako inpunitatea ere eskaintzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo