GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Yemengo atentatuak, arazo nabarmen baten isla

Atzo Yemenen izandako atentatuak, igandekoak bezala, herrialde hura Al Kaedak indartzeko gune gisa hautatu duelako hipotesia berretsi lezake. Hipotesi horren arabera, Saudi Arabiatik ia desagertu ondoren, Al Kaedako ekintzaileek Arabiar Penintsulatik atera gabe beren egitura berreraikitzeko gunea aurkitu zuten. Gune hori Yemen litzateke, herrialde pobretua eta ingurune kontrolagaitzak dituena, esate baterako, tribu ugariren bizilekuak. Bazegoen horren zantzurik herrialde horrek zenbait urtetan halako lasaitasuna bizi ondoren, 2007az geroztik eraikin diplomatikoak, turismoa eta petrolio-instalazioak hainbat eraso armaturen helburu bihurtu zirenetik. Gogorrena joan den irailean AEBen enbaxadaren kontra egindakoa izan zen; haren ondorioz 19 lagun, tartean zazpi ekintzaile, hil ziren. Atentatu haren ondoren, Al Kaedak iragarri zuen Saudi Arabiako bere adarrak Yemengoarekin bat egingo zuela Arabiar Penintsulako Al Kaeda eratzeko. Hartara, Yemen Al Kaedako militanteen babeslekua litzateke egun eta, herrialde hartako jihadistekin nahasian, arazoa konplexu agertzen da. Ez dirudi, beraz, arazo gero eta nabarmenago horren konponbidea erraza denik, ez Yemengo Gobernuarentzat ez Mendebaldearentzat. Izan ere, Afganistanen okupazioa eta gisako «konponbideak» ez dira eredurik onenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo