Bigarren Mailako Txapelketako finalari begira
Dena prest zilarrezko txapelaren konkistarako
Mendizabal-Ibai Zabala eta Berasaluze IX.a-Urberuaga bikoteek aukeratu dituzte pilotak larunbatean Zornotzako pilotalekuan jokatu beharreko partida garrantzitsurako. Oso maila onean daude pilotariak.
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Behin Bigarren Mailako Binakako Txapelketako finala jokatuko den pilotalekua eta eguna adostuta, materialaren aukeraketa besterik ez zen falta larunbateko neurketari begira xehetasun guztiak prest edukitzeko.
Mendizabal-Ibai Zabala eta Berasaluze IX.a-Urberuaga bikoteak arituko dira larunbatean, 17.30etik aurrera Zornotzako pilotalekuan, euren bildumarako beste txapel bat lortzeko norgehiagokan.
Asegarceko pilotariek norgehiagoka bakarra galdu dute txapelketan. Oso neurketa luzeak jokatu dituzte, baina sendotasuna erakutsi dute ligaxkan eta finalerdietan. Aratz Mendizabalek -finaleko gipuzkoar bakarrak- txapelketa ugari irabazi ditu azken urte hauetan. Nabarmentzekoak dira 2006an lorturiko Lau eta Erdiko Txapelketa eta 2005. urteko Binakako Txapelketa. Biak Bigarren Mailan lortu zituen.
Haren bikoteak, Ibai Zabalak, iragan urtean egin zuen debuta Elorrion, eta Euskadiko Binakako Txapelketan txapeldunorde izan zen.
Asegarcekoek 106, 105,2 eta 104,7 gramoko pilotak aukeratu dituzte larunbaterako. Biak pozik agertu ziren material aukeraketa ostean. «Pozik geratu gara. Gureak jokatzeko pilotak dira, pilotaleku honetarako aproposak», aipatu zuen Mendizabalek. Halaber, finalean erabiliko duten estrategia argitu zuen gipuzkoarrak: «Asierrek bi eskuak onak ditu eta pilotari azkartasuna ematen dio, eskuinarekin gehienbat. Ezkerrean du, agian, zulorik handiena. Horrez gain, Urberuaga zigortzen ahaleginduko gara».
Ibai Zabalaren ustez, finala «oso gogorra izango da», hain zuzen ere, ligaxkako bi partidak 22-20 emaitza estuarekin irabazi baitzituzten.
«Aitzakiarik gabe»
Aipatutako bikote honek Berasaluze IX.a eta Urberuaga edukiko ditu aurkari. Aurrelari bizkaitarrak, besteak beste, 2006ko Bigarren Mailako Banakako Txapelketa irabazi zuen, eta atzelariak txapel hori bera lortu zuen 2007an. Finalerako aukeratu dituzten pilotak honako pisuak dituzte: 105,5, 105 eta 106,1 gramo edo, Urberuagak aipatu zuenez, «bat azkarra, bestea bote erdikoa eta hirugarrena gutxi ibiltzen den horietakoa».
Aspeko bikotea ez da faborito sentitzen ligaxkan gertatutakoa ikusita, baina edozer gerta litekeela adierazi zuten biek. Berasaluze IX.ak, gainera, ez du aitzakiarik edukiko emaitza edozein izanda ere.
Berasaluze IX.a | Pilotaria
Finalaren atarian egonda, zer-nolako balantzea egiten duzu?
Xabi Urberuagak oso partida onak jokatu ditu eta niri dagokidanez, eskuko minekin hasi nintzen; hasierako hiruzpalau partidatan ez nintzen oso ondo ibili, baina azkenekoetan ondo sentitu naiz.
Pozik al zaudete materialarekin?
Bakoitzak bere jokorako aproposak diren pilotak aukeratu ditu. Gureak azpitik azkar doaz eta beraienak bote gehiago hartzen dute.
Etxetik gertu jokatzea beti polita izaten da, baina finala izanda are gehiago, ezta?
Hala da. Bai Ibai Zabala bai ni hamar kilometrora bizi gara -Berrizen-. Oso polita da herriko jende asko joango baita. Bizkaiko festa bat da eta oso pozik gaude.
Lagunak, familia edota koadrila eramango al dituzu larunbatean Zornotzara?
Bai. Lagunak, familia eta herriko jendea, ezagunak tartean, trenez edo kotxez joango dira, gertu dago-eta.
Bikote sendoa izango duzue aurrean larunbatean...
Partida bakarra galdu dute txapelketa osoan. Ligaxkako bi partidak oso gogorrak izan ziren eta Zornotzako frontoia ikusita, partida gogorra izango da, baina gu prest gaude lana egiteko.
Errebantxa gogoa izango duzue...
Bi partida horiek oso parekatuta egon ziren. Gainera, aurretik joan ginen une askotan eta bai, errebantxa gisa har daiteke, baina finala beti ezberdina izaten da eta ez du zerikusirik izango.
Dirudienez, beraiek faborito gisa aterako dira.
Txapelketan beraiek izan dira onenak, partida bakarra galduta, baina ez dut uste faborito sentitzen direnik. Aukerak %50ean ikusten dituzte eta horrek ez die presiorik sartuko. Konstantzia handiko pilotariak dira. Beraiek atzean kargatuko dute jokoa, baina Aratz aukera duenean tantoa amaitzen saiatuko da eta nik adi egon beharko dut.
Irabaziz gero, zerbait berezia egingo al duzue txapela ospatzeko?
Durangon afaldu eta gero parranda egingo dugu. Dena den, nahiz eta galdu, finalera iristea guretzat ospatzekoa da. Irabaztea beti hobea izaten da, gogoa pizten baitu.
I. CARRILLO