GARA > Idatzia > > Kultura

Nafarroako bertsolari txapelketako finalean, lau «txapeldun»

Nafarroako txapelduna bakarra izango da, baina, horri garrantzirik kendu gabe, larunbat honetan Elizondon ospatuko den finalean lau bertsolari izango dira, nolabait, txapeldunak. Izan ere, zortzi sailkatuetatik lehenengo laurak lortuko baitute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera. Final parekatua, borrokatua eta maila altukoa espero da; hori bai, festa giroa izango da nagusi Elizondoko Lur dantzalekuan.

p040_f01_148x96.jpg

Ane ARRUTI | ELIZONDO

Zortzi nafar nor baino nor. Lur dantzalekuak 17.00etan irekiko dizkio ateak aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalari. Izen ezagunak eta ez hain ezagunak arituko dira lehian. Guztiak txapelaren bila, baina bestelako saririk ere bada. Lau urtean behin ospatzen den Euskal Herriko Txapelketa Nagusia udazken honetan jokatuko da, eta Elizondon lehengo lau postuetan sailkatzen diren bertsolariek bertan lehiatzeko aukera izango dute.

Urtarrilaren 31n Auritzen abiatu zen txapelketa. Berrikuntza nagusi batek markatu du «Bidean» lelopean ospatu den aurtengo edizioa: Julen Zelaieta iazko txapeldunak izan ezik, gainerako bertsolari guztiek hasieratik igo behar izan dute oholtzara. Gazte, zahar, beterano zein hasiberriak elkarren ondoan aritu dira kantuan. Zelaietak aitortu digunez, berarentzat arraro samarra izan da aurtengoa, bakarrik finalaurrekoa jokatu baitu: «Sorpresa onak eta txarrak izan dira. Betikoa da, baina horrelakoa da bertsoa. Inork ez zuen espero, adibidez, Terre eta Diego Riaño kanpoan geratuko zirenik. Sorpresa onak ere izan dira. Hor dago Saioa Alkaiza, lehenbiziko txapelketan finalerdietara heldu da eta bertan lan txukuna egin du. Eta bueno, finalera pasatu den Itturri ere bai. Orain dela hiru urte hasi zen bertsotan Zubietan, eta finalera heldu da».

Lasai dago Zelaieta, ez baitu presiorik sumatzen. «Joan beharko nuke presiopean, baina, ez dakit zorionez edo zoritxarrez, badirudi joan den urtean ez dela txapelketarik izan edo txapeldunik izan, hain zuzen ere, ez naizelako faborito. Beraz, lasai joanen naiz», azaldu zuen. Goizetik Xorroxin irratian lan egin beharko du, gainera, eta urduritasunik balego bertan baretu ahal izango ditu: «Bertzenaz ere bururik ez nuen janen, lasai noa, nik galtzeko nuen guztia galdu dut, hemendik aurrerako guztia irabazteko dut bakarrik».

Orain arteko zortzi onenak

Zelaietak aipatu bezala, finaleko ezusteko handienetakoa Ander Fuentes, Itturri, sailkatzea izan da. Zubietar honek bere kasa ikasi zuen bertsotan eta iaz ere hartu zuen parte txapelketan baina, ez zuen finalera sailkatzerik lortu. Aurten, ordea, Antsoaingo antzokiko saioaren ostean, puntu berdinketa hirukoitza suertatu zen. Ordura arte lortutako puntuazioak batuta, Itturrik lortu zuen kopururik altuena eta berak egin zuen aurrera, finalean lehen aldiz sailkatuz.

Xabier Silveiraren itzulera ere sonatua izan da. Urtebetez txapelketatik at izan eta gero, indartsu itzuli da Nafarroako txapeldun bost aldiz izan den beratarra. Berak lortu ditu kanporaketetan puntu gehien.

Faborito argirik ez badago ere, 21 urtetako gorritiar batek lortu du ahoz aho gehien aipatzen diren izenen artean sartzea. Julio Soto indartsu dator. Eskolarteko txapeldun izan zen 2003, 2004 eta 2005ean. Hurrengo urtean Nafarroako Txapelketako finalean sartzea lortu zuen eta iaz hirugarren postua eskuratu zuen.

Erika Lagoma lesakarrak tinko eusten dio bere urteroko hitzorduari. 2006az geroztik finalean sartu da eta iaz laugarren egin zuen. Elizondoko oholtzaren gainean abestuko duen emakume bakarra izango da.

Jon Barberena etxean arituko da beste behin ere. Azken bi urteetan txapela gertuen ikusi duen bertsolaria da, txapeldunorde izan baita Silveira eta Zelaietaren atzetik.

Geratzen diren sarrerak 15.30etik aurrera jarriko dira salgai. Salneurria 15 eurokoa bada ere, Bertsozale Elkarteko Bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat, 10 eurokoa izango da.

FESTA GIROA

Ohiturari jarraituz, finalaren eguna festa giroan ospatuko dute Baztanen. Lur dantzalekuko barra bat irekita egongo da nahi duenak, bertsoa entzuten duen bitartean, tragoxka bat har dezan.

Fitxa

Bertsolariak: Julen Zelaieta, Xabier Silveira, Julio Soto, Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Iñigo Olaetxea, Jon Barberena eta Ander Fuentes Itturri.

Aurkezlea: Fernando Anbustegi.

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo.

Lekua: Lur dantzalekua, Elizondo.

Eguna: Martxoaren 21a, larunbata.

Ordua: 17.00etan.

Euskal Herriko lehian sartzeko aukera bakarra

Elizondoko finalean argituko da Euskal Herriko Txapelketa Nagusian Nafarroa ordezkatzeko aukera izango duten lau bertsolariak zein diren. Izan ere, herrialde bakoitzeko txapelketetan sailkatzea ezinbesteko baldintza da parte hartzeko. Nafarrez gain, datorren udazkeneko hitzorduan honako ordezkari kopurua izango du herrialde bakoitzak: Iparraldeak 3, Gipuzkoak 17, Bizkaiak 10 eta Arabak 2. Gainera, duela lau urte ospatutako Txapelketa Nagusian finalera sailkatu ziren 8 bertsolariak ere parte har dezakete. Aipatutako guztiek dute Txapelketan aritzeko aukera, baina Bertsozale Elkarteak argi adierazi duen moduan, betiere ezezkoa bertsolarien esku dago.

Laster ezagutuko ditugun beste bi ordezkariak arabarrak izango dira. Azken finalaurrekoa igande honetan jokatuko da Aramaion eta finala, berriz, datorren apirilaren 4an izango da Gasteizko Principal antzokian.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi Bizkaian jokatzen ari den Bertsolari Gazteen XVII. BBK sariketa. Atzo Derion jokatutako azken finalaurrekoan Ipar Uribeko taldea gailendu zitzaion Arratiako taldeari eta, beraz, Lea Artibai eta Ipar Uribeko taldeak lehiatuko dira datorren asteko ostiralean, hilak 27, Kafe Antzokian jokatuko den finalean. Sarrera doakoa izango da. A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo