Itxaropentsu baina kezkati agertu dira magadaskartarrak
Magadaskarren militarrek Andry Rajoelina opositoreari boterea eman ondoren, bertako biztanleak uharteak pairatu duen krisia gainditzeko itxaropentsu baina kezkati agertu ziren atzo Antananarivon. Bien bitartean, Rajoelinak Auzitegi Konstituzionalaren sostengua jaso zuen, militarrek Marc Ravalomanana kargutik kentzea legezkotzat jo baitzuen. Andry Rajoelinak, berriz, larunbatean zin egingo dio presidente karguari.GARA |
Oraindik harriturik, baina pozik azken egunetako tentsioak behera egin duelako, Antananarivoko biztanleak atzo banatuta zeuden Marc Ravalomanana presidenteak boterea uzteko erabakiaren aurrean. Batzuek, estatu kolpe argitzat jo zuten jazotakoa.
Astelehenaz geroztik, gertakariak ziztu bizian jazo dira Magadaskarren: Marc Ravalomanana presidentea kargua uztera behartu dute, boterea militar talde baten eskuetara pasa zen eta horiek oposizioburu Andry Rajoelinari eman zioten, Auzitegi Konstituzionalaren oniritzia jaso aurretik. Arrapaladan gertatu da guztia, eta horren erakusgarri, asteazken goizean Antananarivoko biztanle zenbaitek ez zekiten nor zuten presidentea.
Informazio hori zutenen artean, Magadaskarrek 2002an Ravalomanana aukeratu zuenetik jasan duen krisi politikorik larriena gainditu dutelakoan pozik azaldu ziren. Beste batzuk, ordea, egoera berriak ekarri dezakeenaren aurrean beldur dira.
«Gaur lasaitasuna da nagusi, baina ez dakigu zer gertatuko den bihar, batez ere militarrak etengabe hiriaren inguruan dabiltzala», esan zion France Presse agentziari 30 urteko Eugene Randrianarisonek.
«Pozik naiz egoera normaltasunera itzuli delako. Behingoz, beldur izateari utziko diogu», adierazi zuen 45 urteko Paul Rakotondrahasak, Goi Irakaskuntzako Ministerioko funtzionarioak.
«Zorionez, otsailaren 7an izandako sarraskiaren ondoren ez da hildako gehiagorik izan [egun horretan Gobernuak oposizioko 28 kide hil zituen]. Espero dezagun bi hilabeteko krisiaren ostean lanera itzuli ahal izatea», gaineratu zuen Rakotondrahasak.
Antaninarenina auzoan, 29 urteko Rijaren hitzetan, egoera arraro samarra da. «Indarrez ezarritako egoera bat bizi» zutela onartzen badu ere, «Ravalomanak alde egin behar zuen jende asko haserre baitzen, diktadore gisa ari zelako», nabarmendu zuen.
Ravalomananaren aldekoen artean, ordea, samina zen nagusi. «Oso kezkatuta nago, batez ere segurtasunagatik. Indarra nagusitu da, ez demokrazia. Gansterrak dira egun Gobernuan eta ez dezakegu gauza onik espero», adierazi zuen 45 urteko Rogerrek.
«Gehiengo isilaren oniritzirik gabe hartu dute boterea. Jendea armen beldur zen eta isilik geratu da», gaineratu zuen.
Konstituzionala, Rajoelinarekin
Madagaskarreko Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman zion atzo militarrek Ravalomananari boterea kendu eta Rajoelinari emateari, epaitegi honetako presidente Jean-Michel Rajaonarivonyk sinatu zuen dokumentu baten bitartez.
Dena den, Madagaskarreko Auzitegi Konstituzionalak 24 hilabeteko gehienezko epea eman dio Rajoelinari. Honek bere lehen betebeharra pobreziaren aurka borrokatzea izango zela agindu zuen 15.000 jarraitzaileren aurrean.
Ezinbesteko lana egin behar ez duten Estatu Batuetako hiritarrei Magadaskar uzteko agindu zien Washingtonek, Afrikako uhartean duten egoera arriskutsua izan daitekeelakoan.
Rajoelinak karguari zin egingo dio heldu den larunbatean Antananarivon. Magadaskarreko hiritarren adiskidetzearen alde lan egingo duela iragarri zuen presidente berriak.