Sokatira
Abadiñok 560 kilokoa erabakita utzi nahi du
J.L. | DONOSTIA
Abadiñok aurten lortzeko geratzen zaion txapela gaur bertan ziurtatu dezake Ezpeletan, Lapurdiko herri horretan jokatuko baita 560 kiloko Euskal Herriko txapelketako bigarren jardunaldia, 20.30ean hasita.
Gaurkoa eta gero, beste bat ere faltako da aurtengoa amaitzeko, baina gaur Abadiñok garaipena erdiesten baldin badu, txapela ia poltsikoan izango du. Gaurkoa bereganatzeko faborito dira, orain arteko saio guztietan beste guztien gainetik agertu baitira, denei koska bat kenduta.
Lehia bigarren posturako egon daiteke, lehen jardunaldian gertatu zen bezalaxe, Amaiurren eta Berriozarren artean. Lehia estua jokatu zuten lehen saioan. Gaur Ezpeletan jokatuta, pentsatzekoa da Ñapurrak taldea saio on bat egiten ahaleginduko dela, bere zaleen aurrean ez baitu hutsik egin nahiko. Baionak, berriz, zail izango du azken postua uztea.