GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Rousseauren ordularia

 

Citizen etxearen iragarkia ikusi dut “El Mundo” egunkarian. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala hartu, eta 31. artikulua gehitu dio Citizenek: «Eco-Drive ordulari bat edukitzeko eskubidea». Edozein mugimendu politikok bere ahaleginen uzta balitz bezala aldarrika lezakeen ondarea izanik, pixka bat susmagarria da zein gutxitan entzuten dugun giza eskubideez aipamen zentzuzko eta egiazkorik. Giza eskubideak alderdi, elkarte, talde eta erakunde guztietako hormetan zintzilikatzea lortu dugu, Playboy-ren egutegien ordez: orain betetzen hastea, horixe lortu behar dugu. Ez dadin kanpaia jotzeko irudi hutsa izan.
 
Ez dago egituraketa politiko akasgaberik, ez dago bidegabekeriarik ez gertatzea berma lezakeen gizarte antolaketarik. Egiaztapen hau da, hain zuzen, giza eskubideen iturburua. Gizabanakoen askatasun politikoa boterearen gehiegikerietatik babesteko, horretarako sortu ziren ditxosozko giza eskubideak, odolez borrokatu ondoren.
Giza eskubideak izendatu zituen lehenengo Adierazpena 1789ko abuztuaren 26koa da, frantziar iraultzarena. Egun Europan indarrean omen dagoen testua Giza Eskubideen Europako Konbentzioa da, 1948ko Adierazpen Unibertsalean oinarrituta. Ñabardurak ñabardura, denek dute xede teoriko bera: boterea mugatzea, norbanakoak Estatuaren biolentziatik babesteko eta euren askatasunak bermatzeko. 1789ko Adierazpenak, adibide batera, «opresioari erresistentzia» eskubidea jasotzen du, eskubide oinarrizko gisa. Orain eta hemen halakorik esatea, ordea, kartzelan bukatzeko motibo izan daiteke... giza eskubideen izenean!
 
Citizen etxeari galdetu beharko diogu, tenoreaz ari garenez, 31. artikulua ez, baina beste guztiak betetzen hasteko beranduegi ez ote dabiltzan.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo