GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Bigarren disko luzearekin, Mendeku Itxua eta bere heavy metala «egurra» emateko prest

Heldutasunerako pauso esanguratsua eman du Mendeku Itxua talde usurbildarrak. Baxujole berriarekin eta doinu heavy baina melodikoagoekin osatu dute «Indarrak batuz», beren bigarren diskoa.

p056_f01_148x80.jpg

Ane ARRUTI | USURBIL

«Helburuak lortzeko modu bakarra indarrak batzea delako». Mendeku Itxua laukoteak titulu honekin eskertu nahi izan dute inguruan izan duten herritar eta lagun ororen babesa eta, hamabi kantuz osatutako diskoaz gain, DVD bat dakarren digipack dotorea aurkeztu zuten atzo.

Usurbildar hauek pauso nabarmena eman dute euren «Gure oihua» lehenengo diskotik. Kantu landuagoak, biziagoak eta melodikoagoak osatu dituzte, betiere, hasieratik izaeran ekarri duten heavy metal kutsua alboratu gabe. Autoekoiztutako lana izan da, Ortots burdin hotsak zigilupean argitaratua. 2008ko udan IZ estudioetan grabatu zuten Haritz Harreguyren ekoizpenarekin. Ander gitarristaren esanetan, «mantso joan da dena, baina guk hala nahi genuelako. Gauzak bi aldiz pentsatu ditugu egin aurretik».

Ixak, Ander, Martin eta Iñigok osatzen dute taldea. Azken honentzat, lehenengo diskoa da Mendeku Itxua-rekin. DVDan, Usurbilgo Txerriki antzerki taldearekin grabatutako «Herentziaren mendekua» kantuaren bideoklipa gehitu dute. Guztia 8 eurotan jarri dute salgai, «gure helburua ez da dirua egitea, gure musika ahalik eta jende gehienari iristea baizik». Kontzertuak emateko egarriz eta indarrez daudela erakutsi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo