GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria, Europako «orban beltza», eskubideen urraketan

Amnistiaren aldeko mugimenduak 2008ko errepresioaren urtekariaren aurkezpenean salatu zuenez, Europan «orban beltza» izaten jarraitzen du Euskal Herriak, eskubide eta askatasunen urraketaren ikuspuntutik. Ildo horretatik, herri honetan Zuzenbidezko Estatuak «behea jo» duela eta urteak pasa ahala gero eta ezagutezinagoa dela nabarmendu zuten. Are gehiago, «demokrazia eza» gatazka politikoa konpontzeko «oztopo zuzena» dela ohartarazi zuten.

p018_f03_199x116.jpg

Manex ALTUNA |

2008ko gertaera errepresiboak jasotzen dituen urtekaria aurkeztu zuen atzo amnistiaren aldeko mugimenduak Bilbon. Julen Larrinagak egin zuen jasotako datuen irakurketa politikoa, eta berarekin batera errepresaliatuen ordezkaritza txiki bat izan zen agerraldian. Besteak beste, dispertsioa eta biziarteko espetxe zigorrak pairatzen dituzten preso politikoen senitartekoak eta torturak jasan dituzten lagunak izan ziren.

Larrinagak salatu zuenez, Euskal Herriak Europan «orban beltza» izaten jarraitzen du, «konpontzeke den gatazka politiko bakarra delako», eta batez ere, Estatu espainolak ezarritako askatasun sistema «gero eta ezagutezinagoa» delako. «Euskal Herrian Zuzenbidezko Estatuak aspalditik jo du behea», azpimarratu zuen.

Torturak, Espainian bakarrik

Amnistiaren aldeko mugimenduko kideak Juan Jose Ibarretxe eta Miguel Sanz jaunari gogorarazi zien «torturak» eta «antolakunde politikoen legez kanporatzeak» gertatzen diren lurralde bateko lehendakariak direla. «Are txarrago, hauteskundeetan parte hartu nahi izanagatik hiritarrak espetxeratuak izan dira», gaineratu zuen D3M eta Askatasuna alderdi politikoetako ordezkari izateagatik kartzelatuak izan ziren pertsonak gogora ekarriz.

Jose Luis Rodriguez Zapaterori ere «eskubide urraketei buruzko Nazio Batuetako txosten guztietan gorriz azpimarraturik agertzen den» Estatuko presidentea dela aurpegiratu zion.

Larrinagak «2008. Errepresioa Euskal Herrian» urtekarian bildutako datuak eman zituen ezagutzera. Hala, zio politikoengatik iaz 390 atxiloketa izan zirela azaldu zuen, horietatik 162tan inkomunikazio neurria ezarrita. Amnistiaren aldeko mugimenduko kideak nabarmendu zuen, tortura salaketa guztiak inkomunikazio egoeran atxilotuta izandako 62 lagunek egin zituztela, guztiak Estatu espainolean gertatu zirela, eta horietarik sei ospitaleratuak izan zirela.

Errepresioaren kontrako erakundeko kideak iaz 135 espetxeratze agindu eman zirela argitu zuen jarraian, atxilotuetarik herena zuzenean kartzelara bidalia izan baitzen. Urtea 764 preso politikorekin itxi zela nabarmendu zuen, horietarik 15 bakarrik zeudela Euskal Herriko espetxeetan, eta gainerakoak Estatu frantseseko eta espainoleko espetxeetan sakabanaturik. Dispertsio politikak gainera, 20 auto istripu, 10 zauritu eta 15 milioi euroko kostu ekonomikoak utzi zituela esan zuen. Hein horretan, PSOEren Gobernuak espetxe politika euskal presoei «xantaia» egiteko erabiltzen duela kritikatu zuen, eta hor kokatu zituen komunikabideetan argitaratutako kartzela mugimenduak.

Disidentziaren zapalkuntza

Larrinagak azaldu zuenez, demokraziak Euskal Herrian ageriko hiru hutsune izango lituzke amnistiaren aldeko mugimenduaren ikuspuntutik: «askatasun sistemaren degradazioa», «gatazkaren humanizazioaren degradazio etiko eta morala» eta ezarritako «militarizazio» egoera.

Ildo horretan, justizia sistema «ariete» bezala erabiltzen dela esan zuen eta ez dituela bermatzen inondik inora ere «askatasun eta berdintasun» printzipioak. Aldi berean, polizia indarrak ez direla ordena eta demokraziaren bermeak, eta ezarritako klase politikoak, irtenbideak bilatu baino, arazoak «enkistatu» egiten dituela kritikatu zuen.

Horren harira, gatazka politiko oro konpontzeko beharrezko den «humanizazioaren» degradazio moral eta etikoa nabarmena dela salatu zuen Larrinagak. «Lehen errepresaliatuen ukazio ideologiko eta politikoa egiten zen, baina orain ukatzetik jazartzera igaro dira», azaldu zuen.

Patxi Lopezek iragarritako «biolentzia deslegitimatzeaz» mintzatu zen Larrinaga, neurri horien artean kokatu baitzuen hark euskal presoen senitartekoei ematen zaien dirulaguntzak kentzea.

Larrinagak gogor kritikatu zituen PSEren asmoak, «hipokrisia hutsa» direla esan zuen eta Ardanzaren garaian Gobernuan zeudenean ere dirulaguntzak kentzen aritu izana aurpegiratu zien, gero GAL taldeak finantzatzeko, «epaileek hainbat ebazpenetan esan duten eran».

Patxi Lopezen hitzen atzean «disidentzia politiko ororen zapalkuntza» ezkutatzen dela ohartarazi zuen.

Militarizazio egoerari buruz, Euskal Herrian 30.000 pertsona armatu daudela esan zuen -Europako ratiorik altuena- eta horrek Zuzenbidezko Estatuari «Polizia Estatu»aren gero eta antz handiagoa ematen diola.

Aipatutako gertakariak «demokrazia ezaren» adierazletzat jarri zituen Larrinagak eta gatazka politikoa konpontzeko «oztopo zuzena» direla nabarmendu zuen.

DEBEKUAK

2008an Amnistiaren aldeko Batzordeak, Askatasuna eta EHAK eta EAE-ANV alderdiak legez kanporatuak izan dira, eta ehundik gora ekitaldi eta manifestazio, debekatuak.

TXANTAIA

PSOEren Gobernuak, beti egin izan duen moduan, egiten ari den kartzela mugimenduekin euskal preso politikoei «xantaia» egiten ari dela salatu zuen Larrinagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo