GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Aberastasunak

Blanca Izkue | Musikagintzako langilea

Ezagutzen ditudan lagunen artean askotarikoak dira haien zaletasunak, dela mendia, dela kirola egitea, edo futbol liga jarraitzea, edota pentsa, ezagutzen dut baita matematikekin jolasten aritzea gustatzen zaionik ere. Denetarik dago gure pagadi zabal honetan. Baina oso jende gutxi ezagutzen dut bazkari on batekin, leku eder berriak ezagutzearekin edota musikarekin gozatzen ez duela esango duena. Musikaz jakitea ere ez da beharrezkoa hura gure eguneroko zereginetako lagun izan dadin, irratia pizturik dugula, etxeko lanak egiteko disko bat paratzen dugula, edota kalean zehar goazela, kaleko artista batek giroa alaitzen digula. Nire amak garai bateko koplak abesten zituen etxean bere zereginetan ibiltzen zen orotan, eta oraindik bada aukera obra baten ondotik pasatzen garenean langileak halako aire bat txistukatzen duela aditzeko. Musikariak diren haien artean, zer esanik ez: agertoki batera igotzen den musikari bakoitzeko baietz beste bost musikari izan, sekula jendartean joko ez badu ere entseatze hutsarekin ederki ongi pasatzen duena lagun artean.

Badira, bestetik, musikari, famatu eta ia mitiko izatera heldu diren munstroak, azken boladan birak egiteari emanak direnak nahiz eta negozio-industriaren pop-ak izan eta diru beharrik ez izan, antza, eta hala ere, belodromoan jotzeagatik 60 eurotik gora kobratzen dutenak. Artistaren inguruan doan teknikari taldea eta bestelako segida kontuan hartu beharra dago, noski, eta jende horrek guztiak ere bere sosak atera beharko dituela. Baina nire lagun matematikariaren laguntzarik gabe ere, uste dut gauza naizela zenbaki sinple batzuk egiteko, eta Anoetako belodromoan sartzen den lagun kopurua kontuan hartuz, begiak kliskaka jartzen zaizkit. Askotan gertatzen da, ordea, emanaldi bat musu-truk izaten dela, edota euro bakar batzuen ordainean, eta orduan zaila gertatzez jendea biltzea, eta biltzen bada ere, ikus-entzuleen arreta jasotzea, nahiz itzela gerta daitekeen ikustera joan garen hori.

Musika askotan dohainik goza daiteke, eta batzuetan harengatik ordaindu beharra dago, jakina. Baina jakin dezagun gauzak bere neurrian baloratzen. Azkenalditxo honetan izugarrizko sosak uzten ditugu musika emanaldi erraldoietan, ardien pare men eginez. Debaldekoa askotan egiazkoagoa eta zirraragarriagoa da, eta dirutza baten trukean ikusitako hura maiz «bluff» bat gertatzen da. Galde diezaiotela bestela nire lagun futbolzaleari. Bejondeiola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo