GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

I. Artieda, I. Arroyo, T. Gonzalez eta E. Iriarte LABeko ordezkariak

Euskarabidea, dimisioa!

 

Euskarari buruzko lege eta arau bilakaera ezdeus denean, edo areago, negatiboa denean eta aurrekontuena atzeraka doan bitartean, Euskarabidearen jarduera, ororen gain, politika mediatiko hutsa izaten ari da, Nafarroako Gobernuak euskararekiko oro har gauzatzen duen jarrera atzerakoiaren lifting politikoa.

Ez dugu hitz egiten hitz egiteagatik. Maila arautzailean, gogoratu behar dugu, lehenik, Euskarari buruzko Legean aldaketa txikiena ere egiteari uko egin izana, eremu mistoa hein batez aldatzea errefusatzean argi eta garbi gelditu zen bezala. Bestalde, 2009rako Aurrekontuei buruzko Legeak, aurrez pentsatuta eta azpikeriaz, lege lerruna eman dio bere garaian Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zuzenbidez baliogabetzat jo zuenari: euskararen ezagutza eskatzen duten lanpostu administratibo eskasetarako hizkuntza «erreserba» baten eratzeari, hain zuzen.

Beste eremu batzuetan -Hezkuntza, kasu- euskarazko irakaskuntzari eraso egiteko eta ahultzeko politikak jarraitzen du. TIL ereduak ekartzen duen erreforma, Nafarroan euskarazko irakaskuntzaren berreskuratze prozesua hondatzeko ahalegin zakarra besterik ez dena, ingelesezko irakaskuntza laguntza-babesarekin janzteko beste saio bat da. Komunikabideekin gertatutakoaren antzekoa, zeinei, lizentzia-baimenak ukatzeaz gainera, orain arte jaso dituzten laguntzen %92,92 ere inolako lotsarik gabe kendu baitizkiete.

Euskarak bazterturik jarraitzen du Nafarroako Gobernuaren administrazio-funtzionamenduan. Pegenautek bultza- tutako legezko kontrarreformak zutik dirau, aldaketa positiborako inolako zantzurik gabe. Euskarabideak aldaketarako egindako iragartze hantuste haiek, Euskararen Nafar Kontseiluak bere garaian zuzendutakoak, lotan daude, auskalo zein tiraderatan ahazturik. Areago, Nafarroako Gobernuak onetsi duen azken lan eskaintza publikoa (OPE) kontraesanean dago Euskarabideak iragarri zuenarekin: ingelesari ateak erabat ireki zaizkio eta eremu administratiboan euskarak behar duen aitortzari beste zaplastako bat eman zaio.

Nafarroako Gobernuaren hamabi departamentuetatik zortzitan -Kultura barne- ez dago euskara jakitea ezinbestekoa den lanposturik. Hori gutxi balitz, honen inguruan dagoen arautegi ahula etengabe eta nabarmenki ez da eremu euskaldunean betetzen: osasun etxeak, suhiltzaileak, inguru- mena... Azkenik, Nafarroako Gobernuaren funtzionarioentzat euskaltegiak deusetik zintzilikako zentroa izaten jarraitzen du, ez baitu inolako harremanik hizkuntza normalizaziorako gutxieneko politika administratibo batek beharko lukeenarekin.

2009ko aurrekontuek agerian utzi dute Gobernu honen eta Parlamentuko gehiengoaren (UPN-CDN-PSN) planteamendu euskarafobikoa. Langileen eta funtzionamendurako gastuak (soldatak eta materialak) alde batera utzita, Euskarabideak euskara sustatzeko dituen kontu-sailek %40,85 egin dute behera 2008. urtearekiko eta 2000. urtean, Pegenautek «euskara sustatzeko» ardura hartu zuen hartan, zeudenak baino %60 murritzagoak dira.

Nabarmentzekoak dira argitalpen soziolinguistikoak egiteko kontu-sailean gertatutako beherakada (-%54,11), euskarazko kultur ekimenetakoan (-%80), argitalpen eta ikus-entzunezko funtsak eskuratzeko kontu-sailean (-%94,44), Nafarroako toponimiakoan (-%52,84) eta abar. Honi gehitu behar zaio Nafarroako udal eta kontzejuetako Euskara Zerbitzuetarako laguntzen kontu-sailean izandako murrizketa: %36,36koa (550.000 eurotik 350.000 eurora) eta honek etorkizunean ekar litzazkeen ondorioak, edo Ttipi-Ttapa telebistaren desagerpena hedabideetarako laguntzak ia-ia ezabatu dituztelako (-%92,92).

Gauzak horrela, egoera benetan negatibo eta suntsitzaile honetan Euskarabidearen politika marketin politika da, hutsa, eduki zehatzik gabekoa. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen hantusteak, «borondate azalpenak» besterik ez direnak, sinatu dira eta, aldi berean, Sanz jaunak Euskal Telebistaren hartze digitala galarazteko edo baldintzatzeko duen borondatea iragarri du.

Eta UPNren Gobernuaren irudia edertzeko prentsaurrekoak eta prentsa-oharrak biderkatzen diren bitartean, Euskarabidearen web orrian eta bertako arduradunengan, gai horien inguruan isiltasuna da nagusi.

UPNren aurreko Gobernuak Pegenaute buldozerrekin euskarari eraso egiteko eta jazartzeko gauzaturiko politikak behea jo zuen. Haren diskurtso eta irudiaren zakarkeria jasangaitza zen. Halaber, epaitegiek hainbat alditan guztiz zuzendu zuten.

Hortaz, beharrezkoa zen zerbait aldatzea dena berdin gera zedin eta horrela norabide berberean ibiltzen jarraitzeko. Borondate horretatik sortu zen Euskarabidea, eta lan horretarako bilatu zituzten egun erakunde horretan zuzendaritza postuetan daudenak. Bistan denez, UPNren Gobernuarentzat egiten ari diren lana txalogarria da. Ez dago dudarik, beren soldata irabazten ari dira. Guretzat, ordea, gutxi dago aitortzeko eta asko kritikatzeko. Horregatik galdegiten dugu bere dimisioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo