GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

ARGIA Aingeru Epaltza

Ongi Etorri klubera

(...) Iruñetik ordubete dut Donostiara edo Gasteiza. Berrogei minutu gehiago Bilbora. Garraiobideak franko hobetu dira Euskal Herrian. Galaxia ezberdinetakoak ematen dugu, alabaina. Mendebaldeko abertzaleek ez dute maiz Nafarroako ispiluan beren buruari so egiteko lana hartzen. Begiratuko ziren halako zulo batzuetan erortzetik. Bertzeak bertze, ez genuke auzo lotsarik pasatuko, EAJko burukideak ikustean boto gehien lortu dituen alderdiak gobernuan egoteko duen ez dakit zer eskubideren aldarrian. Bertzela geundeke Foru Komunitatean, 2007an UPN oposiziora igorri bagenu, alderdirik bozkatuena izanagatik ere. Bertze ikaskizun bat mapa politikoaren atomizazioari dagokio. Boto emaileak elkarbiltzeko ahalegina saritu ohi du; zigortu, berriz, ñabardurak hanpatzen dabilena.

EAJk Basagoitiri egin dion eskaintzak dena hankaz goratzen ez badu, EAEko erakunde nagusietatik kanpora egonen dira abertzaleak hurrengo lau urtean. Zartakoa hartuko dugu euskarari bertzelako etorkizuna desio diogun guztiok, Erkidegoko, Nafarroako nahiz Iparraldeko. Latza izanik ere, latzagoa izanen da laztasun horretan ikasbiderik ez badugu. Hogeita hamar urtean diru laguntzez ongixko horniturik ibili den euskal kultura aterpe deserosoagora etortzea ez da tragedia erabatekoa izanen, gure lorpenen eta gure mugen gaineko gogoeta piztuz gero. Abertzaletasun politikoak ariketa bera egin behar luke, listoia garaien ezarri dutenengandik hasita.

Hego Euskal Herriko Mendebaldea eta Ekialdea baturik amestu dugu, euskaltzaletasunaren aterbean. Espainoltasunak hurbilduko gaitu elkarrengana. Hiru hamarkadatan metatu ditugun huts, akats eta hanka-sartzeek (ere) ekarri gaituzte hona.

Anai-arrebak, ongi etorri klubera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo