GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal presoen eskubideen aldeko sinadura bilketa, datozen asteotan

«Muturreko egoerak gainditzeko eskakizun sendo bezain zabalak bultzada berria behar duela uste dugu». Hori dela eta, gaitz larriren bat duten eta ezarritako zigorra betea duten presoak berehala askatzeko eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko exijitzeko, datozen asteotan sinadura bilketa abiatuko du amnistiaren aldeko mugimenduak.

p016_f02_58888.jpg

Gari MUJIKA |

Datorren hilabetean euskal preso politikoen aurkako dispertsio politikak hogei urte beteko ditu. Bi hamarkada luze joan, eta preso politikoen aurkako errepresioak etenik izan ez duela eta egun eurekiko elkartasuna ere kriminalizatua dagoela-eta, amnistiaren aldeko mugimenduak euskal preso politikoen eskubideen defentsan sinadura bilketa egingo du datozen asteotan Euskal Herriko udalerri eta txoko guztietan. Hala, «gaixotasun larriak dituzten presoak eta ezarritako zigorra betea dutenak lehenbailehen aska ditzaten eta euskal presoak Euskal Herria ekartzea lortzeko», euskal herritar guztiei dei egin zieten atzo Usurbilen horren aldeko sinadura eman dezaten.

Amnistiaren aldeko mugimenduak atzo goizean Usurbilen egin zuen prentsa age- rraldian, hainbat herritako ordezkarik hartu zuten parte. Ekitaldiaren xede nagusia, datozen asteotan abiatuko duten sinadura bilketan herritarren parte hartzea eskatzea bazen ere, kartzela politikaren gaineko eta elkartasunaren kriminalizazioaren inguruko irakurketa ere mahaigaineratu zuten.

«Presoak suntsitu nahia»

«Urtez urte eraikitako elkartasun eta aldarrikapen oparoa errepresioaren bidez ezabatu nahi dute. Errepresioaren bidez estali nahi dute herri honetako milaka eta milaka herritarren ahotsa», salatu zuten.

Gainera, errepresioaren bidez egindako ekinaldien helburua ere errefusatu zuten: «Preso politikoek Euskal Herrian inolako babesik ez dutela irudikatzeko ahalegin amorratuan ari dira», azaldu zuten Usurbilen bildutakoek. Alabaina, euren aburuz, dispertsio politikak 20 urte beteko dituen honetan, euskal presoekiko elkartasunak ez duela etenik izan azaldu zuten, eta are gehiago gehiengo zabalak, «urteak joan eta urteak etorri», euskal preso politikoek Euskal Herrian baturik egon behar dutela exijitzen du. Hala, gogora ekarri zuten joan den urtarrilean 37.000 lagun Bilboko kaleetan mobilizatu zirela.

«Presoak suntsitu nahi dituztelako bilakatu dute delitu presoen defentsa», salatu zuten, Orain bi aste Arrasaten gertaturikoa nabarmenduz eta azken hilabeteotan ongi-etorrien eta ekitaldien debekuak areagotu direla gogora ekarriz. Baina horrelako erasoak «antzuak» izango diren uste osoa agertu zuten.

Horrenbestez, errepresioaren jo puntu diren euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko sinadura bilketa abiaraziko dute datozen asteotan. Herriz herri, auzoz auzo, Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko da amnistiaren aldeko mugimenduaren sinadura bilketa.

banderolak

Presoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzeaz gain, etxeetako balkoietan «Euskal presoak Euskal Herrira» leloa duen banderola jartzeko deia egin die amnistiaren aldeko mugimenduak euskal herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo