Eskoriatza munduko kultura desberdinen bilgune bilakatuko da maiatzaren 22tik 24ra
Nazioarteko musika, antzerkia, gastronomia eta artisautzaren gertuko ezagutza izateko aukera eskainiko du Mundumirak bosgarrenez; aurtengoan, Eskoriatza izango da munduko begiraden erdigune.GARA | ESKORIATZA
Mundumira, munduko kulturen festa bezala ezagutzen da. Bizkarrean lau edizio gordetzen ditu dagoeneko, Arrasaten, Oñatin, Aretxabaletan eta Bergaran egindakoak, eta aurten ere ez dio hutsik egingo urteroko zitari. Oraingoan, Eskoriatzak jasoko du testigua eta munduko kulturen bilgune bilakatuko da maiatzaren 22tik 24ra. Horretaz gain, elkar trukerako eta eztabaidarako kultura anitzeko foroak, haur topaguneak, jaia ospatuko den ingurua ezagutzeko ibilaldiak, kirol lehiaketak eta azokak antolatuko dira.
Debagoienean munduko kultura desberdinak elkartuko dira; lurralde desberdinetatik etorritakoen topagune bihurtuz eta, aldi berean, aukera izango da lekuko ondarea ezagutu eta zabaltzeko. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «jaialdi hori etorkizuneko gizartearen isla izan daiteke; bizirik dagoen lurralde batean sor daitekeenaren adierazle; betiere, norberaren kulturaren ezaugarriak mantenduz eta beste kulturen ezaugarriak ezagutuz.
Askotariko ekintzak
Mundumira erakargarri egiten duen beste alderdietako bat da nazioarteko talde ezagunez osatzen den kontzertu eskaintza. Aurtengoan, Alemania, Senegal, Iran, Brasil eta Kataluniatik, besteak beste, etorritako taldeak izango dira Eskoriatzan, baita Euskal Herrikoak ere. Horrela, Macaco, 17 Hippies, Romina Goshtasbi, Korrontzi eta Zura dira gonbidatutako taldeetako batzuk. Nolanahi ere, urtero legez, kalea izango da jaiaren protagonista. Etengabe jarduerak izango dira, herriko karrikak kolorez eta musikaz beteko dituztenak.
Atzerriko kultura desberdinen barrunbeetan sartzeaz gain, eskualdeko ondare kulturala eta naturala ezagutzeko aukera ere izango da. Horretarako, senderismo azoka, ikus-entzunezkoen emanaldiak, argazki erakusketak, ikastaroak, mahai-inguruak, mendi irteerak, eskalada txapelketak eta BTT ibilaldiak antolatu dituzte eskualdeko elkarte, klub eta turismo bulegoekin elkarlanean. Jaialdi horren berezitasunen artean nabarmentzekoa da, halaber, gizarte ekimenei eskaintzen zaien arreta. Foro Solidarioan eskualdeko eta Euskal Herri osoko gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) garatzen dituzten proiektuak ezagutzeko aukera izango da. Batez ere azken hori, GKEk burutzen duten lana zein den jakitea, sustatu nahi dute antolatzaileek. Horrela, jaialdiko elastikoarekin ateratako dirua Debagoieneko GKEn proiektuak bultzatzeko baliatzen da.
Alemania, Senegal, Iran, Brasil, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak izango dira Mundumiran, besteak beste, Macaco, 17 Hippies, Romina Goshtasbi, Korrontzi eta Zura.