GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Korrika 16

Korrika non, irrika han; herritarrak zinez atxiki zaizkio euskararen aldarriari

Lerro zuzen batean jarriko bagenitu Korrikak dagoeneko Euskal Herrian barrena egindako kilometroak, Cadizen nahiz Parisen geundeke, eta gelditu gabe! Izan ere, 1.000. kilometroa egin zuen AEKren ekimenak atzo Anizen. Eguraldi paregabea lagun, beste behin ere, Korrikak zeharkatzen zuen herri bakoitzean euskaldun mordoa bidera atera eta euskarari atxiki zitzaion.

p016_f01.jpg

Amaia ZURUTUZA

Nafarroako Aniz herrian 1.000. kilometroa egin zuen atzo, 18.45 aldera, Euskal Herrian barrena euskararen aldeko mezua zabalduz, Gasteizeko helmuga helburu, ostegun arratsaldean Tuteran abiatu zen martxak.

Atzoko egunarekin, beraz, mila kilometroak gainditu zituen AEKak antolaturiko 16. Korrika honek, eta aldi berean «hurren arte» esan zien Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoari, 17. Korrikara arte, alegia.

Igande iluntzean murgildu ziren korrikalariak Nafarroa Beherean. Jarraian Zuberoako lurretan ibili ziren euskararen aldeko oihuak zabaltzen. Atzo goizaldean, zuberotarrak agurtu, eta Baxenabarren barneratu zen berriro Korrika. Handik aurrera, Lapurdiko hainbat herri zeharkatu zituen martxak, eta eguerdirako, 13.00 aldera, Iparraldeko hiru probintziak atzean utzita, Nafarroa Garaira itzuli zen, Beran barna.

Eguraldi paregabea izan zen atzo, baita igandean ere, eta akaso horregatik are eta politagoak izan dira azken orduetan bizitako uneak eta antzemandako irudiak. Oro har, protagonistak errepikatuz joan ziren herriz herri. Elkarteak asko eta asko, alor ugaritakoak. Makina bat herritako udaletxeek ere atxikimendua erakutsi zioten euskarari. Ikastola eta ikastetxeek ere beste horrenbeste, baita gazte taldeek ere.

Eskolatik errepidera

Igarotako herri askotan umeak izan ziren beste behin ere protagonista nagusiak. Ikasgeletatik irten eta taldean batu ziren Korrikara, beren herrietan bat-bateko talde izugarriak sortuz. Haur txikiak ere ibili izan dira, pixka bat noraezean, baina martxaren aurrealdean, guztiz protagonista, eurek margoturiko petoekin korrika.

Gazteak, esan bezala, ez ziren atzean gelditu, eta herri askotan atera ziren errepidera, Donibane Garazin adibidez, goizaldean, 04.00 aldera, gazteak izan ziren nagusi kalean. Euskararen alde ibili ziren baita ere hainbat festa batzorde, gaztetxekoak, Irulegi irratia, Kalaka ostatua, Leize mendi taldea, Arrola dantza taldea eta Munhoa elkartea.

Gau iluneko uneren bat kenduta, une oro talde ederrak ibili ziren hankak astinduz, eta herri asko eta askotan benetan jendetza bildu zen Korrikako furgonetaren magalean.

Baigorrin, esaterako, benetan polita izan zen herriko kaleak jendez beteta, «Baigorrin ere eskuaraz!» oihuka ikustea.

Suhiltzaileak lagun

Itsasu, Kanbo eta Uztaritzen goiz iritsi zen Korrikaren oihartzuna, baina herritarrak kalera atera ziren gogotsu. Uztaritzen, Zangozan gertatu bezala, suhiltzaileek euren kamioietako argiak piztu eta pozik agurtu zuten Korrika.

Senperetik Azkainerako bidean, Herri Urratsen antolatzaileek eraman zuten lekukoa, maiatzaren 10ean egingo duten bezala, euskararen aldeko mezua lau haizetara zabalduz. Eta Azkainen umeak izan ziren protagonista, herriko hiru eskoletako ikasleak batu baitziren Korrikara, herriko kale nagusia oihuz eta irribarrez leporaino betez. Saratik igaro eta Lapurdi agurtuz, Beran murgildu zen Korrika, berriz ere Nafarroaren magalera.

Bera, Lesaka, Etxalar, Sunbilla, Doneztebe eta Baztango hamaika herritan, eguzkia lagun, irrikaz zain ziren errepide bazterrean Korrika honetako benetako protagonista diren ume, gazte, heldu, gizon, emakume...; igarotzen dituen eta ez dituen herri guzti horietako bizilagunak.

Tamalez, ezin Korrikan parte hartzen duten elkarte, talde eta laguntzaile guztien berri eman. Izan ere, ia 2.500 kilometro izango ditu aurtengo Korrikak, eta, beraz, beste hainbeste ordezkari baititu aurtengo ekitaldiak.

Denak ezin aipatu, baina ezin esan gabe utzi eurak direla, kilometro bat erosiz, lekuko aldaketaren une berezietako protagonistak; AEK-k euskararen alde euskararekiko eta hizkuntzak berak gorpuzten duen kulturarekiko maitasuna ardatz hartuta antolatzen duen ekimena posible izatea egiten dutenak.

 

biak bat

«Kirol talde bat izaki, polita iruditzen zaigu kirol ekimen baten bidez gure hizkuntza eta kulturari atxikimendua adieraztea», nabarmendu dute espeleologia taldeko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo