GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Kepa Martinez de Lagos Euskal Herriko Kristau Elkarteak

Preso guztien eskubideen alde

Urtero bezala, preso dauden lagunak eta senideak Arantzazuko Santutegian elkartu gara martxoaren 29an, Euskal Herriko Kristau Elkarteek gonbidatuta, gogoeta eta otoitz egiteko eta konpromisoa hartzeko.

Kartzeletako errealitate krudelaren aurrean gure salaketa eta elkartasuna adierazi dugu tratu zuzena eta gizatiarra lortzeko preso guztientzat. Hauen bizi-baldintzak kartzeletan, askatasunik eza jasaten dutenen eskubideak ez errespetatzeaz gain, larriagotzen ari dira egunero preso sozial, politiko eta etorkinentzat. Goranzko joera duen kartzelan hildakoen kopurua, «bizi arteko zigorra», isolamendu luzeak, bereizi gabeko atxiloketak, komisarietako tratu txarrak eta torturak, frogarik gabeko akusazioak epaiketa politikoetan... argi erakusten dute gobernu eta epaileen aldetiko injustizia, eta gainera makrokartzelak planifikatzen ari dira beren kartzela-sistema zapaltzaile eta zuzengabean. Bat egin dugu batez ere euren senide eta lagunekin, beharturik baitaude bidaia nekagarri eta garestiak egitera sakabanaketa zuzengabe eta eutsia tarteko. Oso gogoan izan ditugu zigorra bete ondoren gizarte-bizitzara itzuli nahi eta honengatik guztiagatik ondorioak jasan behar dituztenak ere. Gehienentzat bazterketak, kontrolak, bakardadeak hor jarraitzen dute, zailtasun handiak dituzte euren bizitzetan benetako normalizazioa lortzeko.

Kartzelatutako pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen diren egoera hauen aurrean, laguntzeko konpromisoa hartzen dugu, preso guztientzat tratu duina lortzeko ahaleginean. Legearen konplimendua galdegiten dugu, batez ere jaiotza-tokitik hurbil dauden kartzeletara ekartzeari dagokionez. Gaixotasun sendaezina dutenak kartzelatik ateratzea eskatzen dugu eta baldintzapeko askatasuna zigorraren hiru laurdenak bete dituztenentzat. Beste behin ere presoek gizartean eta politikan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.

Injustizia salatuz eta preso guztien giza eskubideak exijituz, bai eta gure Herriaren eskubide indibidualak eta kolektiboak, gure konpromisoa itxaropenez baieztatu dugu justiziaren alde, amnistiaren alde eta bake-prozesuaren alde pertsona guztientzat, Euskal Herriarentzat, Herri guztientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo