GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Garbiki erran ziguten zentralizazioa gastuak murrizteko zela»

p023_f03.jpg

Jean-Marc Landarretche
Ipar Euskal Herriko autoeskolen elkarteko burua

Mendiburu autoeskolaren jabea eta Ipar Euskal Herriko autoeskolen kolektiboko presidentea Estatu frantsesak autoeskolen eta gidatzeko azterketen eremuan aurrera eramaten ari den zentralizazio ekimenen kontra agertu da, horrek dossierrak onartzeko epeetan atzerapenak ekartzen dituelako.

Idoia ERASO |

Zein da gidabaimena ateratzeko desmartxa ofiziala?

Ikasleak autoeskola batean izena eman behar du, eta izen emate hori dokumentu ofizial batean ezartzen dugu Suprefeturara igortzeko. Badira berrogei urte Baionako Suprefeturan pausatzen genuela. Dokumentua begiratzen zuten eta zigilua jarri, eta aste baten buruan berriz igortzen zuten; hori zen epea orain arte.

Zein izan da aldaketa?

Urtarrilean Estatu frantses osoan kanpaina egin dute minis- troek prentsa bidez, eta erreformari esker, baimena arras laburragoa eta merkeagoa izanen zela adierazi dute. Otsailean, Baio- nan eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduan finkatu dute dossier guztiak Pauen banatzea, erran nahi baitu Baionan ez zela posible gehiago egitea.

Guk buruhausteak ekarriko zizkigula uste genuen, baina erran ziguten gauzak biziki fite pasatuko zirela eta ez genuela fitsik sentituko. Halabeharrez sinetsi genuen esandakoa eta gure dossierrak Pauera igorri genituen. Eta bidalitako dossierrak orain berreskuratu ditugu. Horrek erran nahi du dossier batzuk betetzeko gutxienez bost aste behar izan dituztela. Aste bateko epetik bost asteko epera igaro gara.

Zein arazo dakartza horrek?

Arazo handiak eragiten ditu bai autoeskoletan, bai eta jendearentzat ere, zeren jendeak izena ematen duelarik normalean finkatu dute baimena lehenbailehen ateratzea edo formakuntza hastea. Eta dossier hori egin aitzin ezin dute ezer egin; eskerrak legea ez dugun sobera betetzen.

Zein arrazoi eman zuten aldaketa hori egiteko?

Garbiki erran ziguten zentralizazioa gastuak murrizteko zela. Orain artean pertsona bakarra arduratzen zen horretaz Paue aldean, eta beste bat Iparral- dean. Orain Pauen bi pertsona jarri dituzte, bat hangoentzat eta bestea hemengoentzat, eta hori ez dugu ulertzen. Ez dut ikusten nondik murriztuko dituzten gastuak. Gainera, gu dossier horiek posta bidez igortzera behartuak gara eta horrek ere badu bere kostua. Sarri askotan ere, astean behin autoz joaten gara Pauera denbora irabazte aldera.

Eta zer egin duzue horri aurre egiteko?

Ostegunean berrogei auto inguru Suprefetura aitzinean bildu ginen, operazio lasai bat egin nahi genuen. Suprefetak hartu gintuen eta berarekin mintzatutakoaren arabera, badakite izugarrizko arazoa sortu dutela deliberoarekin. Baina bide hori segitu nahi dute pentsatuz indar gehiago emanez gauzak konponduko dituztela, eta arazo hori konpontzeko gai ez badira, azken karta gisa, dossierrak Baionara itzuliko dira.

Beraiek erran digute hamar egunen buruan gauzak sentituko ditugula eta finkatu dugu berriz harremanetan jartzea orduan.

 

ATZERAPENAK

«Guk buruhausteak ekarriko zizkigula uste genuen, baina halabeharrez sinetsi genuen eta dossierrak Pauera igorri genituen. Lehen aste batean egiten zena egiteko bost aste behar dira orain»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo