GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako festak iragartzeko hautatu duten afixak festazaleak ditu protagonistatzat

p023_f03_87x72.jpg

I. E. |

Uztailaren 25etik abuztuaren 2ra izango diren Baionako festak iragarriko dituen afixa zein izango den ezagutzera eman zuten atzo. Herritarren iritzia aintzat hartuta ebatzi da lehiaketa, eta aurten Philippe Rosi paristarrak irabazi du festazaleak lehen planoan ezartzen dituen kartelarekin. Paris hiriburuaren ondoko herri batean bizi baldin bada ere, Rosi Baionan jaioa da, bere emaztea eta hiru haurretako bi bezala.

Baionako festak anitz maite dituela nabarmendu zuen atzo afixa lehiaketaren irabazleak. Hamasei urte zituenetik urtero etorri izan da festetan parte hartzera, eta hilabete baten buruan 53 urte egingo dituela esanez, kalkuluak egitera gonbidatu zituen bertan zirenak.

Jaien urteroko hitzordura behin bakarrik huts egin duela nabarmendu zuen Philippe Rosik, eta hori ezkontzeko izan zela ere jakinarazi zuen. Festaren zale izanik sarituak «festazaleak» protagonista bilakatu nahi izan ditu. Aurtengo festetako afixan zuriz eta gorriz jantziriko jendea ikusten da aurrean, eta bigarren planoan Baiona hiria agertzen da, katedral eta eraikin zahar eta berriekin.

Hiriarekiko duen lotura ere nabarmendu zuen Rosik, eta atzerrian Baiona aipa-tzean zuzenean jaiekin lotu ohi dela ere erantsi zuen. Horregatik «bestei betiereko bizitza» opa diela erran zuen, irabazlea izateak emandako poza argi agertuz.

Hirugarrenean, asmatu

Lehiaketara afixa aurkezten duen hirugarren aldia du Philippe Rosik, eta hirugarrena izan da ona. Lanbidez inprimategi batean ari da, ez grafismoaren eremuan, baina Lapurdiko hiriburuko jaiekiko duen loturak sorkuntza lan hauek gauzatzera bultzatzen du.

Hiriko zezen plazan ikusgai zegoen erakusketan 1.344 pertsonek bozkatu zuten eta horietatik %26k egin zuen aurtengo irabazlea suertatu den lanaren aldeko hautua. Orotara, 270 kartel aurkeztu ziren lehiaketara, epaimahaiak bost aukeratu zituen eta horien artetik sariduna ateratzeko bozkatzera gonbidatu zituzten herritarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo