GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Kontua nik Bakarkakoa ez irabaztea bada, ez dut parte hartuko, eta kito»

p046_f01.jpg

Agusti WALTARI
Pilotaria

Waltari kubatarraren izena bolo-bolo dabil egun hauetan. Izan ere, ulertzeko oso zaila den eztabaida antzu bat atera baita egunotan. Badirudi pilota orain dela 50 urte zegoen bezala jarraitzea nahi dutela batzuek, eta ez dutela onartzen atzerritar batek euskaldunei irabaztea. Gehiengoa, ordea, kubatarraren alde dago, eta berak badaki, nahiz eta eztabaida honek haserre handia sortzen dion.

Jon LEUNDA |

Agusti Waltari haserre samar dabil, eta ez zaio arrazoirik falta. Buruz Buruko finalaren ostean, ulertzerik ez dagoen eztabaida sortu da, berak lehiaketa ofizialetan parte hartzearen aurka atera baitira batzuk, baita bere jokatzeko eraren aurka ere.

Hasieratik abiatuta, irabazi duzun finalik tristeena izan daiteke aurtengoa, ezta?

Bai, baina ikusita batzuek gero nola egin duten nire aurka, indar handia ematen du halako garaipen batek. Nik nire lana egin nuen, ez besterik.

Zer dela-eta ari dira batzuk orain zure aurka?

Nik uste dut pilota munduan Hegoaldea eta Iparraldea bereizi behar direla. Hegoaldean, kanpotar bat etorri eta bertako izarrei irabaziko balie, jendeak miretsi egingo lukeela uste dut, lehiaketari indar handia emango liokeelako. Iparraldean, aldiz, kanpotik etorritako batek euskaldunei irabazteak ileak tente jartzen dizkie batzuei, baina, egia esan, une honetan horrek berdin dit. Hori bai, esan nahi dut, pentsaera hori dutenak gutxi batzuk direla, eta hori argi utzi nahi dut. Beraz, nire aurka lelokeriak esaten ari diren horiek jarrai dezatela nahi dutena esaten.

Kontua Paxkalen aurkako finalaren ostean hasi zen. Berak, ordea, beti defendatu izan zaitu. Hori garrantzitsua izango da zuretzat, ezta?

Bai, dudarik gabe, oso garrantzitsua da. Berak babesa eman dit, eta hori garrantzitsua da. Berak ere finalean egin zuena egin zuen, eta jende asko jarri zaio aurka, eta nik hori ere ez dut ikusten legezkoa, eta nik ere berari babes osoa eman diot.

Zurrumurruek diote Buruz Burukoa gehiago ez duzula jokatuko esan duzula zuk. Egia al da baieztapen hori?

Ari dira esaten trinketak aldatu behar dituztela, sakea ere bai, gauza asko ari dira esaten. Kontua bada nik txapelik ez irabaztea, nik ez dut parte hartuko eta kito, lan bat kenduko diet.

Hala ere, jende askok eman dizu babesa, ezta?

Bai, hori da garrantzitsua. Nire familiak, lagunek, antolatzaile gehienek, pilotariek, enpresak... nik ondoan nahi ditudan guztiek eskaini didate babesa, eta hori da ardura didan bakarra.

Federazioak eta zure enpresak ere bai. Hori ere ona da zuretzat, ezta?

Bai, baina gauza bat argitu behar dut. Federazioak orain arte babestu izan nau, baina orain ez, hori argi utzi nahi dut. Finalean gertatu zena eta gero, dirua kendu digu Federazioak, eta nik gertatutakoaren errurik ez dut. EPB nire enpresak bai, hark babes osoa eskaini dit, eta hori da garrantzitsua.

Aste honetan bertan pilotari ohi ezagun batek atxikia eginez jokatzen duzula adierazi du egunkari batean. Zer esango zenioke?

Lelokeriak besterik ez dira horiek. Berak orain dela 50 urte jokatzen zuen, eta orain ez daki pilotan nola jokatu behar den. Lelokeria horiei ez diet kasurik egin nahi.

Zure emaztea Urruñakoa da. Zer esaten dizute herrian?

Asko maite naute, jendek animoak ematen dizkit. Bertako elizara joaten naiz, eta han ere jende asko ikusten dut, denek ematen didate babesa.

Animo aldetik zer moduz zabiltza?

Ongi, honek guztiak ez dit okerrera eragingo, alderantziz, lanean jarraitzeko indar eta amorru gehiago ematen dizkit. Orain Binakakoa amaitu, eta enpresako zirkuituarekin hasteko gogo biziz nago.

Eta Binakakoa?

Bi partida galdu ditut. Hor ere atzean jarri naute, hori ez da nire lekua, baina onartu dut. Gauzak ez doaz ongi, bi partida galdu ditugu, baina aukerak baditugu, eta saiatuko gara.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo