GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Erasoen gainetik, ikasleria «eraikitzeko» prest dagoela aldarrikatu du IAk

Bologna prozesuaren aurka egiteagatik eta beste hainbat borrokarengatik euskal ikasleek unibertsitatean eraso ugari pairatu dituzten arren, lanean jarraituko dutela aldarrikatu zuten atzo Ikasle Abertzaleek.

p018_f02_148x104.jpg

GARA |

Azken urteetan «jakintza eta kritikotasunaren tenplu» beharko luketen unibertsitate campusak, «kolore ezberdinetako polizia, segurtasun indar pribatu, kamera zelatari eta agintari faxistek zaindutako campus polizial» bilakatu direla salatu zuen atzo Ikasle Abertzaleak gazte mugimenduak Leioako campusean egindako agerraldian.

Ikasle mugimenduak gogoratu zuenez, Bologna prozesuaren kontrakoan eta beste borroka askotan ere, euskal ikasleek hamaika eraso polizial eta judizial jasan behar izan dituzte.

Salatu zutenez, EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak bere aurrekoen antzera, Bologna prozesuaren inposaketa bermatzeko edozer egiteko prest dagoela erakutsi du. «Eztabaida zabal eta parte-hartzailea zabaldu beharrean, nahiago izan dute bestelako eredu baten alde lanean ari garen ikasleon aurka oldartzea», adierazi zuten.

Ertzaintzari unibertsitateko ateak zabaldu dizkiola leporatu zioten Goirizelaiari eta gogoratu zutenez, azken bi urteetan EHUn 82 ikasle izan dira identifikatuak, 48 auzipetuak, bost atxilotuak eta hainbat zaurituak. Hala ere, ez direla isilduko eta lanean jarraituko dutela aldarrikatu zuten «euskalduna, demokratikoa eta herritarra» izango den unibertsitate baten alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo