TORTURA SALAKETAK
Maiatzaren 11ra atzeratu dute Larrarte eta Larrinagaren kontrako epaiketa
Estatu espainiarreko Segurtasun Indarrak iraintzea egotzita amnistiaren aldeko mugimenduko kide Julen Larrinaga eta Torturaren Aurkako Taldeko ordezkari Aiert Larrarteren kontra atzo Bilbon egitekoa zen epaiketa bertan behera geratu zen. 2006ko apirilean Ibon Meñika eta Sandra Barrenetxea bizkaitarrak atxilo aldian torturatuak izan zirela salatu zuten Larrinaga eta Larrartek prentsaurreko batean. Salaketa hori egiteagatik beren kontrako prozedura ireki zuten. Larrinaga eta Larrarteren abokatuak Meñikak jarritako tortura salaketa prozeduran gehitzea eta zein egoeratan aurkitzen den ezagutzea eskatu zuen atzoko saioan, eta Fiskaltzak eta epaileak onartu ondoren, maiatzaren 11rako jarri zuten epaiketa egiteko data. Auzitegira sartu aurretik, Julen Larrinagak ez dutela «espainiar demokrazian sinesten» adierazi zuen, torturak ikertu ordez salatzen dituztenen aurka egiten duelako.