GARA > Idatzia > > Kultura

Sustraiak errotu ostean, Gasteizen txapela janzteko garaia iritsi da

Araban barrena bertsozaletasuna zabaldu osteaen, bertsolari txapelketa iritsi da hiriburuko geltokira, hots, Principal antzokian izango den finalera. Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre lehiatuko dira.

p050_f01_152x112.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Etor zaitezte denak ondo pasatzera». Puntuka bota zuten Arabako bertsolari txapelketako finalean izango diren sei lagunek larunbateko hitzordura joateko gonbita. Iazko edizioan ez bezala, final «kontserbadorea» da aurtengoa eta aurpegi ezagunak izango dira Principal Antzokiko oholtzaren gainean: Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre.

Iazko txapelaren presioa Otamendik izango du. Haren ustez, hiru belaunaldi nabarmendu daitezke aurtengo bertsolarien artean. Lehenik eta behin, orain dela 25 urte Araba mailan bertsotan murgildu zen «ero» horien ordezkari, Rikardo izango da. Bigarren maila batean, beren posizioa defendatzera joango diren beteranoak daude; talde horretan kokatu zuen bere burua, Oihane eta Juan Marirekin batera. Eta hirugarren talde batean, «asaltoa» egitera datozen bi gazteenak aipatu zituen, hau da, Manex eta Iñaki. Zorte ona opa zien arren, berari txapela lapurtzeko ondo baino hobeto egin beharko dutela gogorarazi zien.

Txapeldun suertatzeko aukera gehien dituztenen artean, Viñasprek, esate baterako, ez zuen apustu arriskutsurik egin eta Otamendi, Perea eta Agirre aipatu zituen. Hala ere ez zuen bere eginkizuna gutxitu eta, urtero legez, finalera «zenbat hobetu» duen erakustera joango dela iragarri zuen.

Manexek hitza hartu, eta beste hirurek dituzten aukerak nabarmendu zituen. Bestalde, txapelketan parte hartu duten gazteetan jarri nahi izan zuen arreta. «Nahiz eta finalera arte ez iritsi, gogotsu hartu dute», esan zuen. Aurreikuspenen garrantzia gutxitu nahian, bertsolaritza ez dela matematika kontua aipatu zuen Juaristik.

Partaidetza handitzeak txapelketaren onerako dakartzan ondorioak argi ikus daitezkeen arren, zailtasunak ere gora egiten duela azaldu zuten bertsolariek. «Gero eta zailagoa da finalera iristea», ziurtatu zuen Pereak. Ondorioz, larunbatean topatuko diren sei lagunek ezin izan dute, aurreko urteetan gertatu ohi zenez, euren ahaleginak finalerako gorde, eta aritu diren saio guztietan gogor ibili dira. Gainera, aurten Euskal Herriko txapelketa izango denez, lehenengo biak finalaurrekora sailkatuko direla gogora ekarri zuten bertsolariek, eta horrek irrika eta urduritasuna hein berean areagotzen dituela.

Bertaratzeko deia

Ikusle nahiko bilduko dituztelakoan mintzatu ziren bertsolariak. Oihanek azaldu zuenez, «energia» ematen die antzokia jendez beteta ikusteak. Gainera, antolatzaileek dituzten aurreikuspenei so eginez, iazko marka -2008an bildu ziren 600 lagunak- gutxienez berdintzea espero dute, eta beste horrenbeste erakartzea. «Bertsozale talde finko bat lortu dugu Araban», esan zuen Arabako Bertsozale Elkarteko txapelketako koordinatzaile Lierni Altunak.

Bertsoenganako zaletasuna zabaltzea izan da aurtengo txapelketaren helburu nagusia. Horren isla argia da txapelketaren lema bera: «Sustraiak Errotuz». Liernik nabarmendu zuen azken urteetan bertsozaletasunak izan duen hazkundea islatu duela aurtengo edizioak. Baina helburu honek ez du goia jo, eta hurrengo urteetan ere «hazten joatea» espero dute. Bestaldetik, aurtengo txapelketak Arabako txoko ugaritan zabaldu nahi zituen bertsoak. «Oso ondo hartu gaituzte», ziurtatu zuen Altunak, finalaurreko eta kanporaketen arrakasta nabarmenduz.

Txapelketa osoa inguratu duen giroa positiboa deskribatu ondoren, larunbatean izango den finala, «gauza berezia; festa handia» izango da, Viñaspreren ustez. Gainera, biharamunean Korrika Gasteizen amaitzeak asteburu borobila osatuko duela nabarmendu zuten, eta horrek ikus-entzuleak bertara bultzatzea espero dutela.

KORRIKAREKIN BAT

Finalaren aurkezpenean gogorarazi zutenaren arabera, biharamunean Korrika Gasteizen amaitzeak asteburu borobila osatzen du, ikus-entzuleak erakartzeko.

Fitxa

Tokia: Principal antzokia.

Hitzordua: Larunbatean, apirilak 4, 17.00etan.

Bertsolariak: Manex Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre.

Gai-jartzailea: Idoia Beitia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo